Lurraren defentsan, Euskal Herriko mendiak bizirik

Erabiltzailearen aurpegia Eli Pagola Apezetxea eta Iker Sevillano Santana

Eli Pagola Apezetxea eta Iker Sevillano Santana

Amasa-Villabonako mendietan beste makroproiektu eoliko bat jartzeko asmotan, proiektu berri bat aurkeztu du Premier ESPF Rrenovables enpresak. Proiektu honek Amasamendin bi aerosorgailu eraikitzeko asmoa du; eta honelako kalteak ekarriko lituzke: lur-desjabetzeak, lur-mugimenduak zein biodibertsitatearen galera, besteak beste. Argindar sarearekin lotzeko aurreikusitako linea elektrikoa Hernaniraino iritsiko litzateke, ibilbide horretan kalte ekologikoak eragin eta Hernaniko, Urnietako, Andoaingo eta inguruko herrietako lurrak desjabetu beharko liratekelarik.

Makroproiketu honi aurre egiteko, Amasamendi Bizirik plataformak zenbait ekintza abiatu ditu; horien artean helegiteak jarri dituzte martxan. Elkartasuna adierazi eta ekimenarekin bat eginez Urumeako Mendiak Bizirik plataformak helegiteak firmatzeko puntuak jarriko ditu bailarako zenbait txokotan: Hernanin Kide eta  Donostiko Zumardi tabernan, Ereñotzuko dendan, Aranoko kontsejuan eta Goizuetako Amaia kafetegian... Bestetik, Hernaniko edo inguruko lurretan kalteturik balego, gurekin harremanetan jar daiteke gure helbide elektronikoaren bitartez (umbizirik@gmail.com).

Trantsizio-energetikoaren izenean, makroproiektu hauen bitartez gure ingurune naturala suntsitzen ari dira interes ekonomiko pribatuen mesedetan. Gogorarazi besterik ez dago oraindik gure bailaran Ikatz-Gane eta Erreka bezalako proiektuak jartzeko asmoak aurrera jarraitzen duela.

Euskal Herrian martxan jarritako dinamika ezberdinek (Sarbil eta Sañukoak adibide) erakutsi digute herri-mugimenduak gai direla bertan behera uzteko egungo testuinguru eta premia energetikoei erantzuten ez dien eta, are, arazoa areagotuz, enpresarien aberasteko interesetik sortzen diren proiektu txikitzaile hauek.

Lurraren defentsan, Amasa Bizirik-ek abiatutako dinamikari elkartasuna adierazi eta plataformak abiarazitako deialdiekin mobilizatzera dei egiten ditugu herritarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!