Hik bultza gogor hortikan

Erabiltzailearen aurpegia Mirari Garmendia Otamendi

Mirari Garmendia Otamendi - Jaubizi Elkartearen izenean

 

Ta guk bultzako dugu hemendikan… Jauregi Bailaratik eta gurekin elkartu nahi duten guztiekin.

Bioerremediazio eta beste teknikekin lur kutsatuak garbitzeko inposatu nahi diguten instalazioari aurre egiteko bultza dezagun, handiagoak erori dira eta!

Besteren batean esan bada ere, errepikatzea komeni da: Anoeta futbol zelai tamainako eraikin bat jarri nahi dute, Galarreta inguruan. Parke Teknologiko berriaren atzean.

Zer gertatuko da eraikin horren barruan? Bakteria batzuek lur kutsatuak garbituko dituztela. Langile amorratuak izan beharko dutenak, jakina, 170.000 tona lur urtero garbitzeko. Eta gelditzen diren hondakinak? Eta usaia? Eta lur horiek garraiatuko dituzten kamioen keak? Eta zarata?

Baina zer dira beste teknika horiek zehazki? Ez dakigu ziurtasunez. Ez dugu nahikoa informazio gardenik eta are gutxiago, epe motz zein luzerako ondorioen inguruan.

Orain bakteria garbitzaileak, gero zerekin garbituko dira lur kutsatuak? Bidoietan eta hormigoizko edukiontzietan bukatuko dute lurrek? Horiek aspaldi ezagutzen ditugu, bere garaian ere akatsik gabeko proiektuak ziren… pitzadurarik gabeko egitasmo perfektuak.

Zaldibar zabortegia (2002) bezala, azken hau ere, «Industriarako konponbide estrategikoa», «azpiegitura moderno eta kontrolatua», «enplegu sorrera» tituluekin aurkeztu zuten. 18 urte nahikoak izan dituzte, gainditu behar ziren kantitate eta kalitate kontrolak, denok ezagutzen ditugun ondorioekin lehertarazteko.

Hurbilena aipatzeagatik, 2020an eraikitako erraustegiak isurtzen dituen eta existitu behar ez ziren toxinak, arnasten eta jaten ari gara dagoeneko.

Historikoki, indarrak batzeko dei bilakatu den kantu batekin hasi dut idatzi hau, orain beste kanta ospetsu baten esaldi batekin amaituko dut:

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada…

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!