Noski. Zu ez zara horietakoa. Txakurren baten jabe diren nire lagun guztiek ere beti jasotzen dituzte haien kakak. Bada, zer nahi duzue esatea, «Kontuak ez zaizkit ateratzen ongi…».
Hernaniko edozein txokotan egunero-egunero topatzen ditugu txakur kakak; forma, tamaina eta kolore guztietakoak. Izan pasealeku baten ondoko belarditxoan, izan espaloiaren erdi-erdian, plaza bateko txokoan, parkean, errepidean… Pasa den astean bertan jator asko agurtu ninduen txakur jabe batek, Laubidietatik Txantxilla aldera doan espaloia eta errepidea banatzen dituen zelaitxoan bere txakurrak kaka egiten buka zezan zain zegoen bitartean, segidan martxa egiteko. Bi metro aurrerago txakurren kakak botatzeko berariaz jarritako zakarrontzia eskura zuen.
Dena den, denak ez zarete horrelakoak! Nola ba! Kakak plastikozko zorrotxotan bildu eta edozein txokotan «txukun-txukun» ere uzten dituzue sarri asko. Dena den, ez da hain ohikoa haurren pardelak horrela topatzea, ezta?
Agian, herri batzuetan gertatzen hasia den bezala, Hernanin ere ume baino txakur gehiago dagoelako izango da. Ez dakit, ez dut datu zehatzik. Baina argi geratzen ari zaidana da, ia txakur adina txerri daukagula. Eta ezezkoarekin jarraitzen baduzu, zer nahi duzu ba, esatea… Kaka zuretzat! Zorte ona ematen omen du!