Askok jada jakingo dute GKStik eta IASetik Gazte Topagune Sozialista antolatzen gabiltzala urriaren 9tik 12ra, Elizondon. 4 egun horietan zehar sozialismoaren norabidean indarrak batu nahi ditugu; eta hausnarketarako, aldarrikapenerako eta komunitate politikoa indartzeko egitaraua osatu dugu.
Topagunea kezka politiko oro dituen gazteak batzeko elkargunea da. Bizi dugun testuinguruaz hitz egin, gako politikoak landu eta hausnarketarako espazio bat da. Bide horretan, hainbat eta hainbat hitzaldi egongo dira, tartean etxebizitza edo ekologismoaren auzia, taktika antifaxista, nazio edo prostituzioaren auzia eta beste horrenbeste. Hortaz gain, eskaintza kultural zabala eta aisiaz gozatzeko zenbait ekintza egongo dira.
Garai gogorrak bizi ditugu eta munduak okerrera besterik ez du egiten, egoera honetan ez dago beste aldera begiratzerik. Egungo testuinguruak borroka eta antolakuntza eskatzen du, kontzientzia sozialista hedatu eta norabide horretan lan egitea. Beharrezkoa dugu ideia erreakzionario eta zapaltzaileen gorakadaren aurrean fronte antifaxista zabal bat sortzea, parametro iraultzaileetan, eta faxismoaren atzean dagoen arazoa seinalatzea: oligarkia atlantista eta bere estatu autoritarioen programa. Faxismoarekin amaitzeko gizarte kapitalistarekin amaitu behar da.
Bide horretan funtsezkoak dira Gazte Topagune Sozialista gisako ekimenak. Eskualdean hainbat aurkezpen egingo ditugu informazioa helarazi eta sarrerak erosi daitezen: Hernanin, gaur 11:00etan gaztetxean eta Astigarragan ere gaur bertan 18:30ean liburutegi zaharrean. Animatu eta gerturatu!
Dagoena onartu ala borrokara batu!