7. eta 9. zenbakien atzean dago Arrobitxuloko harrobia. Duela hilabete batzuk Udalak aparkaleku publikoa egokitu zuen bertan; kiroldegia eta igerilekua harrobiaren gainean daude. Kiroldegiaren handitze-proiektuak lurraren sendotasuna aztertzeko zundaketak egitea eskatzen duela azaldu dute arduradunek.
Horretarako, astelehen arratsaldean aparkalekua hesitu zuten, autoak kentzeko, eta biharamunean, inori aurretik jakinarazi gabe, goizeko 8etan «sastraka kentzeko» lanak hasi zituzten. Hurrengo egunean amaitu zituzten, gutxienez 30 zuhaitz moztuta: hurritzak, haritzak... Habia eta ugalketa-garaian.
Arrobitxulo bizitzaz beteriko ekosistema txiki bat zen: hainbat hegazti, narrasti, karraskari (urtxintxak ere ikusi izan ditut), zuhaitzak, zuhaixkak eta baita kanaberadi txiki bat ere. Orain, ez dago ezer. Beharrezkoa al zen horrela egitea? Ugalketa-garaian zuhaitzak moztea zilegi al da? Zergatik ez zen nahikoa sastraka kendu eta zuhaitzak inaustea, zundaketetarako ikusgarritasuna handitzeko?
Zuhaitzek lurra eta harrobia eusten zituzten. Orain, abuztuan, lurra ezegonkorragoa da, eta lan horiek nekez egingo dira. Ezin al zen lan hau irailera arte atzeratu?
Horrelako erabakietan auzokideok parte hartu nahi dugu. Baina, beste behin ere, Udalak ez gaitu kontuan hartzen, Donosti Ibilbideko «konponketan» edo Pelotari kaleko bidegorriaren lanetan bezala, zuhaitz osasuntsuak moztu baitituzte, birlandatzea ere planteatu gabe.
Udalari ez zaizkio herritarren ideiak eta iritziak interesatzen, antza. Botoa nahikoa omen dute. Ondoren, kexatzea besterik ez zaigu geratzen, kaltea egina dagoenean.
Azken hausnarketa: hau al da «agenda berdea»? Eta «basoberritu» hitza ez al dago haien hiztegian?