Oporretako lagunartea

Erabiltzailearen aurpegia Altxa burua Hernani 2026ko abuztuaren 6a

Altxa burua Hernani

 

Egoera arrunta bilakatzen ari da oporretan ere 8-9 urtetik aurrerako haur, gaztetxo eta gazteak uneoro mugikorra eskutan dutela ikustea. Oporretako kuadrillako plan guztietan presentzia aktiboa hartu dute mugikorrek, izan ere, askok ez dituzte poltsikoak eta eskuetan eduki beharra dute. Beharra esateko modu bat da, noski, behar-behar ez dutelako behar.

Baina, presentzia horrek zera eragiten du: mugikorren jabeak noiznahi begiratzea mugikorra, sare sozialetan sartzea, scroll moduan bideoak ikustea, jolasetan jolasten aritzea… eta ondorioz, lagunarteko elkarrizketak eteten ditu: alde batetik, zenbait lagunen arreta galdu egiten delako (mugikorrari begira daudelako), eta bestetik, aurrez zeukaten elkarrizketa desbideratzen dutelako mugikorrean ikusten ari diren bideo edo kontu hori nabarmentzeko.

Oporrek zerbait badute denbora da. Denbora asko izaten dugu elkarrekin hitz egiteko, jolasteko eta planak egiteko. Denboraz eta lagunez gozatzeko. Horregatik, oporretan bagaude ere, pantailen erabilerarako arau batzuk ezartzea komeni da gure seme-alaben buru-osasuna zaintzeko, eta lagunarteko elkarbizitza osasungarria sustatzeko.

Esaterako, mugikorrak norberak bere etxean uztea (bungalow, karabana, kanpin-denda… dena delakoan). Egunean denbora tarte bat jartzea kontsultatu edo erabiltzeko: bazkalondoren izan daiteke, ordu erdi edo ordubete. Lagunartera eraman behar den kasu bakanetan (adibidez, kanpinetik kanpoko plan bat egiten denean) ez erabiltzea aktiboki, baizik eta poltsikoan edota motxilan gordetzea.

Guztiok honen gainean pentsatu eta hitz egingo bagenu, haur, gazte eta gaztetxoen lagunarteetan eragin positiboa sortuko genuke.

Zaindu osasuna, zaindu burua eta zaindu harremanak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!