Amaitu dira San Juanak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Zumalabe Irastorza 2026ko uztailaren 7a

Jon Zumalabe Irastorza
Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistako kidea

Aurtengo San Joanek balorazio positiboa merezi dute. Beroak lagundutako eguraldiak eta urtez urte Hernanin bizi den jai giro apartak kaleak bete dituzte beste behin ere, eta herritarren parte-hartzea izan da ospakizunen ardatza. Hala ere, aurtengo jaiek aisialditik harago doazen hainbat gogoetarako elementu ere utzi dituzte, eta horiek ezin dira albo batera utzi.

Santurtzin gertatutakoak berriro ere mahai gainean jarri du poliziaren jardunaren inguruko eztabaida. Ander gaztearen heriotzak kezka handia eragin du, eta horrelako gertakariek erakusten dute ezinbestekoa dela poliziaren jarduna kritikatzeko eta kontrolatzeko mekanismo eraginkorrak indartzea.

Testuinguru horretan ulertu behar dira Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren adierazpenak ere. Hernaniko txosnetan ertzain bati ez zerbitzatu izana hizpide hartuta, Polizia instituzio gisa ezin dela zalantzan jarri adierazi zuen. Ikuspegi horrek, ordea, oinarrizko printzipio demokratikoekin talka egiten du; izan ere, erakunde publikoen jarduna kritikatzeko eskubidea adierazpen askatasunaren parte da, eta instituzio batek ezin du bere izaera instituzionala baliatu bere jarduna kritikatik salbuesteko.

Gertatutakoaren ondoren, EAJk Hernaniko gazteen aurkako kriminalizazioa bultzatu du eta EH Bilduk ere kontraesan nabarmena erakutsi du. Duela hiru urte, gure txozna jartzea eragozteko Txosna Batzordearen autonomia aldarrikatu zuen; oraingoan, ordea, autonomia horren gainetik igaro eta haren erabakia kritikatu du, EAJren eta Ertzaintzaren jarrerarekin bat eginez. Horrek agerian uzten du bi alde daudela: herri-mugimenduaren autonomia eta erabakitzeko ahalmena defendatzen dutenena, eta instituzioen nahiz polizia-aparatuaren interesak lehenesten dituztenena.

San Joanek berriro erakutsi dute herri antolakuntza dela jaien benetako oinarria. Horre­gatik, herri mugimenduen autonomia errespetatzea, desadostasun politikoa zilegitasunez onartzea eta kritikarako askatasuna bermatzea ezinbesteko baldintzak dira benetan herrikoiak eta parte-hartzaileak izango diren jaiak eraikitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!