Irene Arrarats hernaniarra euskaltzain oso izendatzeko ekitaldira sartzeko zain geundela, herriko aspaldiko lagun batek honako pasadizo hau kontatu zidan. Lagunak ez zuen udaletxeko aretora sartzeko aukerarik izan, eta libre zeuden azken lekuetara gu lasai sartzeko esan zigun. Pena eman zidan bera kanpoan geratu izanak eta testu hau idatzi dut zorra kitatu nahian.
Ahozkotasunaren inguruko hitzak entzun genizkion Ireneri sarrera-hitzaldian. Ahozkoa adierazpiderik osoena dela esan zuen eta hitzak «haizeak eraman» baino «airean zebiltzala dantzan», ahotik belarrira eta belarritik ahora. Bitarte horretan hizkuntza ezarian-ezarian aldatuz doala eta esapide batzuek aurrera egitea lortzen badute ere, beste batzuk galbidean direla. Galera eta berrikuntzen arteko oreka hori zaintzea da Euskaltzaindiaren egitekoetako bat, hizkuntzaren haria eten ez dadin eta muinari eutsi diezaion. Testuinguru horretan kokatu nahi dut pasartea.
Laguna taxi-gidaria izan da urtetan Hernanin eta Irene Arrarats txikia zenetik ezaguna du. Harro zegoen bera ere, hernaniar emakume bat euskaltzain oso izendatua izan dela ikusita. Berari gertatua da pasartea, baina, jakin badakit, nik ez dudala izango hark hizketan duen jarioa, trebezia eta grazia, bere ama zenak, Roxaritok, zuena bezalakoxea. Honela zioen:
«Duela berrogeita bost bat urte emakume batek deitu zidan goiz erdian-edo taxia behar zuela-eta, Hernaniko Floridako tren geltokitik, ahots eta doinu goxo batez hitz eginez. Autoan sartu, eta esan zidan: ¡Qué día más goxo!. Hori entzun, eta pentsatu nuen: Hau euskalduna izango da. Euskaraz hasi orduko, esan zidan: Zu Iradi zea? Norena zea? Nik, orduan: Argindegiko Roxaritorena. Hori jakin zuenean, esan zidan osaba Miguel Mariren hizkera bera nuela. Emakumea Urnietako Bentetakoa zen, hamasei senideko familia batekoa eta Argindegiko bikietako bat izan zuen nobio, gure ama Roxaritoren anaietako bat. Gerran fusilatu zuten Rafael eta emakumea Argentinara joan zen bizitzera. Han ostatu batean egin zuen lan 26 urtez beste hamahiru emakume euskaldunekin batera, Mar de Platan. Emakumea Hernanira itzuli zen bisitan eta hara non, nirekin egin zuen topo, alegia, nobio izan zuenaren ilobarekin, eta hizketan hasi orduko, eta nor nintzen jakin gabe, hizkeragatik iraditarra nintzela asmatu!».
Hizkuntzaren normaltasunean asko aurreratu dugu azken hamarkadetan, irakaskuntzan, hedabideetan, hiztegigintzan, teknologian… Gero eta gehiago kezkatzen gaitu, ordea, erabilerak, hizkuntzarekiko atxikimenduak, loturak. Gure aurrekoen sena, trebezia, belarria, mintzamoldeak, doinua, jarioa hor ditugu oraindik. Asko dugu altxor horretatik ikasteko, hala adierazi zuen Irenek sarrera-hitzaldian. Egun gogoangarria ekainaren 20a hernaniarrontzat. Bejondeizula, Irene.