Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu!

Erabiltzailearen aurpegia Jon Zumalabe Irastorza 2026ko ekainaren 17a

Jon Zumalabe Irastorza
Kontseilu Sozialistako kidea

Hainbat eragile sozial, politiko eta Ertzaintzaren jarduna zuzenean pairatu duten pertsonak mobilizazioa deitu dute ekainaren 20rako Bilbon, Ertzaintzaren errepresioa, polizia-indarkeria­ren aurreko inpunitatea eta Eus­ko Jaurlaritzak herri mugimenduen aurka sustatzen duen kriminalizazioa salatzeko.

Deialdiaren atzean daude, besteak beste, Euskal Herriko Global Sumud Flotilla, Herri Norte, Iñigo Cabacasen, Iker Aranaren eta Amaia Zabarteren senide eta lagunak, etxebizitza sindikatuak, futbol zaleen hainbat kolektibo, Azpeitia Errepresioaren Aurka eta Mugimendu Sozialis­tarekin lotutako eragileak. Azken urteotan herri mugimenduen aurkako presioa areagotu egin da, eta gero eta ohikoagoak dira isunak, identifikazioak, atxi­loketak, polizia-kargak eta jazarpen politikoa.

Mobilizazioaren bidez, ez direla gertakari isolatuak salatu nahi da. Segurtasun Sailaren gidaritzapean, protesta sozialaren eta antolakuntza politikoaren aurkako neurri errepresiboak ugaritu dira, eta horrek arriskuan jartzen ditu adierazpen askatasuna, antolakuntza eskubidea eta mobilizatzeko eskubidea.

Azken hilabeteetako hainbat gertakari horren adibide dira, tartean maiatzaren 23an Bilboko aireportuan Global Sumud Flotillako ekintzaileei egindako harreran jazotakoa. Hori, ordea, ez da salbuespena, baizik eta polizia-karga, atxiloketa eta kriminalizazio kasu ugariren parte. Ildo berean kokatzen dira etxegabetzeen aurkako mobilizazioetan izandako isunak eta erasoak, futbol zaleen aurkako jazarpena eta hainbat gazte antolakundek salatutako gehiegikeriak.

Arazoa ez da soilik jardun polizial zehatz edo polizia ereduan oinarritzen; herri mugimendueki­ko aurkakotasuna sustatzen du­en ikuspegi politikoarekin eta po­li­ziak betetzen duen funtzioare­kin lotuta dago. Horregatik, herritarren parte-hartzea eta protesta eskubidea bermatzearen alde, erre­presioari mugak jartzea, inpuni­tatea salatzea eta eskubide zibil eta politikoen defentsan indarrak batzea aldarrikatu behar dugu.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!