Kezkagarria bezain argigarria da eskuin muturreko morroi mediatikoek gure kaleak lasaitasun osoz zapaldu eta kakazteko duten inpunitatea. Are asaldagarriagoa egiten zait, ordea (gurean batere berria ez den arren) instituzioek eta Estatuaren aparatu errepresiboek elementu probokatzaile horiek babesteko erakusten duten morrontza suharra. Iruñeko azken makro-operazio polizialak agerian utzi du berriro ere logika hori: 28 gazte atxilotu dituzte Vito Quiles ultraeskuindarrari aurre egiteagatik.
Zentzugabea da, gainera, Quiles bezalako pertsonaiek darabilten diskurtsoa adierazpen askatasunaren aterkipean babestu nahi izatea. Adierazpen askatasunetik oso urrun, probokatzaile faxista hauek gorrotoa, homofobia, arrazakeria eta faxismoa hedatzen dituzte, espazio publikoa euren propaganda pozoitsuaren erakustoki bihurtuz. Opuseko unibertsitateak berak ere eskolak bertan behera utzi behar izan zituen egun hartan, probokazioaren tamainaz jabetuta.
Egun hartako istiluen ondoren, Estatuaren mendekua tantaka eta modu kalkulatuan iritsi da, sarekada berriekin beldurraren pedagogia ezarri nahian. Antolatu eta erantzun nahi duenari mezu argia bidali nahi diote boteredunek: faxisten aurrean burua makurtu behar dela. Guk argi daukagu batzuek alfonbra gorriak jartzen dizkieten bitartean, guk bandera gorriak aterako ditugula behar den guztietan faxistak gure kaleetatik bidaltzeko.
Hortaz, bidegabekeria honen aurrean, elkartasuna adierazi nahi diegu atxilotutako gazte guztiei eta guztien berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna eta absoluzioa exijitu.