Astelehenean jakin genuen gizon batek 44 urteko emakume bat erail zuela Argetasen (Nafarroa). Dirudienez, 43 urteko gizona Valtierrako kuartelera joan zen emaztea hil zuela aitortzeko, nahiz eta erailketa asteburuan gertatu zen. Azken honekin 5 dira 2026. urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan diren erailketa matxistak. Hau da, bataz beste, emakume bat erailtzen da hilabetero. Baina datuak are eta larriagoak dira; izan ere, apirila hasieratik (azken hilabete eta erdian) 3 erailketa matxista eta 2 erailketa saiakeraren berri izan dugu Euskal Herrian. Apirilaren 3an, Basaurin, gizon batek bere 44 urteko bikotekidea erail zuen. Hiru egun besterik ez ziren pasa 38 urteko emakume bat arma zuriz hiltzen saiatu zenetik bere bikotekidea Berrizen. Hortik aste batera, apirilaren 12an, eraikin bateko terrazatik erorita hil zen beste emakume bat Iruñean, labanaz erasotzen ari zitzaion gizon batengadik ihesi ari zela. Eta Donostian, maiatzaren 1ean, 24 urteko emakume bat itotzen saiatu zen bere bikotekidea. Hau guztia 29 eguneko epean gertatu zen.
Eta guzti honen aurrean, zein neurri hartzen dira? Zein aukera ditugu emakume langileok? Nork babesten gaitu egoera hauetan? Aste hauetan Maialen Mazonen hiltzailea epaitu dute, eta epaian genero indarkeriaren larrigarria kendu diote, Euskal Herrian azken urteetan izan den erailketa matxistarik gordinenetarikoa izan arren. Ertzaintzak arrisku baxuko kasu bezala hartu zuen, bere bizia arriskuan zegoela argi egon arren. Gainera, gu babesteko direla badiote ere, poliziaren indarkeria matxista kasuak etengabe ari dira argitara ateratzen, Bilboko udaltzaingoarena izanik Euskal Herrian dugun azken adibidea.
Egoera larri honen aurrean, ezinbestekoa da indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzea; momentua da gure inguruan gertatzen diren erasoetan aurpegia eman eta erasotzaileei aurre egiteko, momentua da matxismoaren aurka kaleak hartzeko.
Indarkeria matxistaren ororen aurka borrokatu!