Egunero albisteetan ikusten dugu nazioarteko giroa ilun dagoela, eta hedabide nagusiek munduan gertatzen denaren errealitate zati bat erakusten badigute ere, argi dago egoera iluntzen ari dela herrien askatasunaren alde borrokan ari garenontzat ere.
Autoritarismoa demokraziaren eta herrien askatasunaren aurkako arrisku ageriko eta iraunkorra da. Munduko botere egitura nagusiek gerrak, baliabideen espoliazioa eta herrien borondatearen zapalketa baliatzen dituzte beren nagusitasuna sendotzeko, eta Europak ez du egoerari aurre egiteko norabide politiko argirik erakutsi. Testuinguru horrek autoritarismoaren hazkundea elikatzen du.
Gurea nazio ukatua eta zatitua da. Historian zehar haren eskubideak urratu dituzte, eta haren identitate nazional eta kulturala jazarria izan da. Horregatik uste dugu gatazka nazional honen konponbide ausart eta behin betikoak aurrerapauso handia ekarriko lukeela demokraziaren aldetik. Gainera, gizarte berdinzale bat eraikitzeko bidean proiektu aurrerakoi bat garatzeko aukera indartuko luke.
Testuinguru honi lotuta, datorren asteazkenean 'Mundua sutan dago eta gu herri (txiki) ukatu bat gara' solasaldia emango du Ander Larunbe Andersonek, EH Bilduko nazioarteko politika eta harremanen taldeko kide denak, Hernaniko EH Bilduk gonbidatuta.
Azkenaldian "sutan" dagoen munduaren bueltako gaiak landu eta elkarrekin hausnartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. EH Bilduren Bilgunean izango da solasaldia, maiatzaren 13an, 18:30etik aurrera. Animatu!