Zuhaitzak behatzen dituen biologo baten eta historia jorratzen dutenen arteko aldea da bata gora, zuhaitz hostoetara, eta bestea behera, paperetara, begira bizi direla. Baina badaude horien artean gora eta behera begiratzeko trebezia duten pertsonak. Hori da Iñaki Sanz Azkueren kasua. Bejondeiola berari eta zorionak gurasoei, Inazio Sanzi, gogoan, eta Marimi Azkueri. Iñakik idatzitako Haritz zahar bat Hernaniko udaletxera sartzeko erreportajea eredugarria da (Kronika 2026/4/25). Amaieran, honako galdera luzatzen digu: Hernaniko liberalak foruzaleak ere izan zitezkeen?
Jakina baietz. Gaizki deitutako 'Gerra Karlista' haietan euskaldunek, liberal zein karlisten bandoan aritu zirenak, besteen gerran nahastuta aurkitu ziren. Espainiako kolonien independizatze geldiezinak batetik, eta industrializazio garai berrira egokitzeko frustrazio kronikoak bestetik sortutakoa. Euskal Herria, gutxiago edo gehiago, industrializatua zegoen. Hala ere, ez da ahaztu behar hiru probintziak 1200etik eta Nafarroa 1512tik Espainiako proiektu inperialaren mende zeudela.
Karlistaldiek euskalnafarrentzat ez zuten izan arazo dinastikoa oinarri, ezta gizonen eta emakumeen bereizketa egiten zuen Lege Salikoa ere. Euskal Herrian foruak eta tradizioak gizonezkoak zein emakumezkoak jaraunspenaren subjektua berdinduak zituzten. Ez ziren izan erlijio gerrak, bi bandoetako apaizek erlijio berbera baitzuten. Ez ziren, ezta gutxiagorik ere, 'aurrerakoien' eta 'atzerakoien' edo faszismoaren ala demokraziaren artekoak. Horiek gero etorriko ziren. Katalunian eta Euskal Herrian jendea bando batean zein bestean aritzeko arrazoia sakonagoa zen: haien legeen, instituzioen, ohituren eta hizkuntzaren defentsa egitea. Independentziaren alde alegia. Garaiko kolonietan bezala. Hori erakusten digu Canovas del Castilloren eskutik Espainiako Gorteen lehenengo erabakiak izatea euskal Foruak, legeak eta instituzioak ezabatzea. Eta zerga bilketa Madrilera eramatea.