Gerra inperialistaren aurka, M1 Iruñeara

Erabiltzailearen aurpegia Jon Zumalabe Irastorza 2026ko apirilaren 30a

Jon Zumalabe Irastorza
Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistako kidea

Ostiral honetan Iruñeko kaleak bete behar ditugu. Mundua krisi sakonean eta ezegonkortasun handian dago, elite ekonomikoen interesen menpe. Gasolinaren garestitzea eta eskasia bizi ditugun bitartean, petrolio-enpresek etekin izugarriak pilatzen dituzte; horrek langile-klasearen aurkako eraso zuzena adierazten du. Alde batetik, herri langileen aurkako sarraskiak daude; bestetik, gerra ekonomikoa, aurrekontu militarren hazkundean eta bizi-kostuaren igoeran islatzen dena. Ezin dugu isilik egon.

Sozialdemokraziaren promesek ez dute sinesgarritasunik: diskurtso baketsua mantentzen duten bitartean, politika militaristak indartzen dituzte eta NATO zein Europar Batasuna bezalako egiturei babesa ematen diete. Hamarkadetan langileen pobretzea sustatu dute. Ez da nahikoa lider politikoengan konfiantza izatea; benetako aldaketa lortzeko, beharrezkoa da militantziaz eta independentziaz jardungo duten masa-antolakunde sendoak eraikitzea, eztabaida politikoa ezkerrerantz eramango dutenak.

Larunbatean, herritar askok Kubaren aldeko elkartasun ekimen batean parte hartu zuten, konpromiso militanteari eta klase-kontzientziari esker posible izan zena. Keinu horrek erakusten du nazioarteko elkartasuna bizirik dagoela. Bide horri jarraiki, ostiralean Iruñean elkartuko gara, Ekialde Hurbileko erresistentziarekin, Kubako eta Venezuelako herri langileekin eta inperialismoaren menpe bizi diren guztiekin bat eginez. Helburua argia da: langile-klasearen nazioarteko indarra aldarrikatu eta kaleak borrokaren eszenatoki bihurtzea.

Autobusa ostiralean 10:45ean Biterin!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!