Errentistak eta maizterrak: klase borroka

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Nabarro Patterson 2026ko apirilaren 19a

Gorka Nabarro Patterson
Eskubide sozialen aldeko aktibista

Azkenaldian, alokairuen gaiari dagokionez, errealitatea desitxuratzen ari den diskurtsoa nagusitzen ari dela ikusten dut. 

Lizuna iruditzen zait errentista batzuek biktimen papera izatea ustezko babesgabetasun bat argudiatuz. Deigarria da errentistek alokairuen ordainketak eta etxebizitzak egoera onean berreskuratzea bermatzen duten programei buruz ezer ez aipatzea. Beren jabetzak alokatu nahi dituzte ahalik eta etekin handiena lortuz.

Errentismoak gizartea suntsitzen du. Errentismoak ez du aberastasunik sortzen, sortutako aberastasunetik zurrupatu baizik. Errentista, zure alokairua ez dator zerutik, langile batek ordaintzen dizu bere laneko diruarekin, eta merkatuko prezioan kobratzen badiozu, zuk pobre bihurtzen duzu oinarrizko premia baten baliatuz. Gertatzen dena da diru transferentzia izugarria dagoela maizterren klase sozialetik jabe errentisten klase sozialera. 

Espainiako estatuko datu batzuk: Errentisteen %51k 40.000 euro baino gehiago irabazten ditu urtean, eta maizterren %13k (Inurrieta, 2021.or.35). Badira bes­te datu esanguratsu batzuk ere: 2014 eta 2023 artean, etxebizitzen %56 hipotekaren beharrik gabe erosi ziren (Palomera, 2025.or.85) eta 2019ko azterlan baten arabera, errentisten %7k baino ez zituzten 14.000 eurotik beherako diru-sarrerak urtean, hau da, alokairua pentsio baxuak bat osatzeko direla, falazia da. Ez da kasualitatea Hernanin orain 60m2-ko pisuak 1.100 edo 1.200 eurotan ikustea edo batzuek etxebizitzaren legea saihesteko ahal duten guztia egitea. 

Bukatzeko, ezin dugu onartu diskurtso sinplista, populista eta neoliberal horiek hegemoniko bihurtzea. Gaur egun, inoiz baino gehiago lortu behar da maizterren alokairuen ordainketak bidezkoagoak izatea eta langileriaren pobretze -faktorea ez izatea. Errentismoari ez, etxebizitza eskubidea da!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!