Urtarrilaren 10ean argitaratu zuen Berria egunkariak Bizigiro sailean idatzi nuen erreportaje bat. ‘Erasoei eutsi zien Hernanik’ lerroburua zeraman. Bertan saiatu nintzen azaltzen Bigarren Gerra Karlistak Hernaniko herritarrek sufritu zutena. Emakume eta haur ugari hil ziren 1872tik 1876ra, gerra hartan. Blas Zulueta historialariak jaso zuenez, Hernaniko lau haur hil eta beste 11 zauritu zituzten. Litekeena da gehiago izatea.
Han kontatu nuen, era berean, Atzieta kaleko 39. zenbakian bi obusen zatiak badirela paretan. Txili tabernatik oso gertu daude, eta hainbat herritarrek aipatu didate azken hilabeteetan ez zekitela horiek Bigarren Gerra Karlistakoak zirenik.
Hernaniko Kronikan argitatu ziren gutun pare bat, gai honen bueltan. Baina ez du horrek aparteko garrantziarik. Gutun haien hitzetatik harago joan behar dela deritzot.
Gaur egun, faxismoa eta ultraeskuineko ideiak oso gogor ari dira kolpatzen toki guztietan. Testuinguru horretan bizi gara. Hernanin bizi garenok ere bai. Eta belaunaldi gazteenei ere eragiten die horrek.
Berriako artikulu hartan azaldu nuen nola Hernaniko Nafar Kalea, Biteri kultur etxetik Garin tabernaraino eta pixka bat harago doana, Ekainaren 2a izena izan zuen Bigarren Gerra Karlista amaitu zenetik 1936. urtera arte. Frankistek izendatu zuten kale hori Nafar kalea. Faxistek. Lau hamarkadatan diktadura gogor eta bortitza ezarri zutenek. Gaur egungo faxistek haiengandik edaten dute.
Hortaz, egun, 2026an kontua ez da liberalen eta karlisten artean hautatzen ibiltzea. Bakoitzak egin dezake bere irakurketa XIX. Mendeko gerra haietan gertatutakoaren inguruan.
Baina zentzuzkoa litzateke, batetik Bigarren Gerra Karlistan gertatutakoaz herritarrei eta ikasleei ezagutza dokumentatu eta zorrotzak jakinaraztea. Memoriaren inguruan lan egiten duten taldeekin egin daiteke lanketa bat.
Eta bestetik, oso agerikoa da, honako hau: Hernani bezalako herri aurrerakoi batek ezin du bere kaxkoko kale baten izena mantendu, frankistek 1936an izendatu zuten modu berean. Frankisten eta faxisten krudelkeriaren biktima izan ziren Hernaniko Udaletxean ordezkatuta dauden talde politiko guztietako ordezkarien arbasoak (edota haien aurrekoak): EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Orain Hernani.
Eskatuko nieke, beraz, udal gobernuari eta lau talde politiko horiei eztabaida sosegatu bat izatea, neurritsua den epe batean, frankistek jarritako izena beste modu batean birformulatzeko. Kalearen izen berria izan daiteke Ekainak 2, izan daiteke Nafar edo Nafarroa kalea, edo beste bat, baina udal demokratiko batek beharko lioke izena eman kaleari. Eta ez 1936ko kolpe faxista hartan euskaldunon eskubide guztiak urratu zituztenena mantendu. Ez 1937an Gernika bonbardatu zutenena. Ezta gaur egun AEBen gerra inperialisten alde egiten dutenena ere. Hernaniko EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Orain Hernani: ados jarri zaitezte ala frankisten izena mantendu. Baina frankisten izenarekin jarraitu nahi baduzue, azaldu herritarrei hori bera egin nahi duzuela eta zergatik. Herritarrek merezi dute hainbeste jakitea.