Apirila hasi orduko, beste erailketa matxista baten berri izan dugu Euskal Herrian. Duela bi aste, 44 urteko emakume bat aurkitu zuten hilik Basaurin. Hasieran komukabideetan zabaldutako informazioa nahasia izan zen arren, pasa den ostiralean baieztatu zen erailketa bat izan zela, biktimaren bikotekidearen atxiloketarekin batera. Otsailean jakin genuen emakume bat erail zuen bere bikotekideak Sarrigurenen, 34 sastakada sartuta. Martxoan, Irungo emakume bat erail zuen bere bikotekide ohiak Zaragozan. Basaurikoarekin, dagoeneko hiru dira urtea hasi zenetik Euskal Herrian argitara atera diren erailketa matxistak, baina lau izan zitezkeen; izan ere, aste honetan bertan, Berrizen gertatuko erailketa saiakera baten berri izan dugu.
Albiste lazgarri hauek ordea, ez dira salbuespenezko kasu batzuk, indarkeria matxistaren adierazpen gordinenak besterik ez dira. Emakumeak kolektibo zapaldua izateak emakumeon aurkako indarkeria normalizatzen eta betikotzen du. Horregatik esaten dugu behin eta berriro erailketa matxistak ez direla fenomeno isolatuak, eta indarkeria egunerokoan bizi dugula bere aurpegi ezberdinetan: sexu-erasoak, tratu txarrak, gutxiespenak...
Gainera, azken urteetan ikusten ari gara idelogia erreakzionarioak zabaltzen ari direla. Honek ideaia matxistak eta emakumeon aurkako indarkeria normalizatzea dakar; eta ez da soilik kasuak gutxitzen ez direla, baizik eta indarkeria forma berriak agertzen ari direla (plataforma digitalen bitartez ematen direnak, adibidez). Testuinguru honetan, lehentasunezkoa da matxismoaren normalizarioaren aurka antolatzea, erasotzaileen inpunitatearekin bukatzea, emakume erasotuen babes materiala eta soziala bermatzea eta, nola ez, erailketa matxistak salatzen jarraitzea.