Eskualdeko irakurle prestuak sobera jakingo du Euskararen aurka Oreretan gauzatutako sabotaiaren berri. Ez naiz ni xehetasunetan luzatuko, baina badakigu ekintza antolatua izan zela, eta CCOO 'sindikatua' zein Euskara Denontzat dinamika daudela gertaera horien atzean.
Azken asteotan, baina, Euskal Herriko hamaika txokotara zabaldu du euskararen aldeko aldarria Korrikak, eta ez gara gutxi izan testuinguru hori euskararen aldeko borrokaren beharrezkotasun eta politikotasuna mahaigaineratzeko baliatu dugunak.
Gureak, hizkuntza gutxitu eta zapaldua izaten jarraitzen du, baina oraindik ere badira euskararen salbazioa administraziotik etorriko dela sinesten dutenak. Hortxe dugu paradoxa: gure hizkuntza zapaltzen duen egiturak berak justizia egingo diola pentsatzea.
Euskarak eskubide osoak izan beharko lituzke instituzioetan, lantokietan eta zerbitzuetan, baina errealitatea oso bestelakoa da. Euskararen inguruko eztabaida ezin da soilik instituzioetara eta administraziora mugatu. Eguneroko erabileraren jaitsierari begiratu behar diogu, eta horri konponbidea emateko gakoak aurkitu. Gure ustez, euskarak prozesu aktibo baten eroale izan behar du, hizkuntza politikoa eta politizatzailea izan aldi berean.
Euskalgintzari erronka gisa ireki zaion egoera honek hausnarketa sakonak eskatzen ditu beste ezeren aurretik. Zein da Euskarak bizi duen egoera? Nola antolatuko dugu Euskararen aldeko borroka? Euskarak jendarte askeago baten aldeko borrokekin loturarik izango badu, nola josiko ditugu horretarako behar diren sareak?
Hortaz, plazer baduzu eta Euskara biziko bada borrokan biziko dela sinetsita bazaude, ez galdu aukera: gerturatu zaitez larunbatean, goizeko 11:00etan, Sandiusterriko aretoan antolatu dugun “Euskara borrokan bizi da” hitzaldira.