Kolpismo inperialistaren aurka, Venezuelako herri langilearen alde!

Erabiltzailearen aurpegia Jon Zumalabe Irastorza Kontseilu Sozialista 2026ko urtarrilaren 7a

AEBak, Trumpen gidaritzapean, Venezuelaren aurkako eraso militarra gauzatzen
ari dira. Narkotrafikoaren aurkako operazio baten aitzakiapean Venezuelaren aurkako
eskuhartze inperialista gauzatu eta eskuin muturreko erregimen morroi bat ezarri nahi
dute. Balizko erregimen aldaketarekin batera, AEBk Venezuelako petroleo erreserbak
zuzenean eurenganatu nahi dituzte, ustezko demokraziaren izenean eta Venezuelako
herri langilea odolustuz. Irakurketa honen bitartez eraso militar inperialista berri hau
salatzen dugu eta Venezuelako herri langilearen erresistentzia eskubidearen alde
lerratzen garela adierazi nahi dugu. Argi dago AEBen eskutik etorritako gobernu berriak
erabateko atzerapausua suposatuko lukeela Venezuelako langileriarentzat; multinazional
yankien etekin pribatua handitzera bideratua egongo bailitzake, eskuin muturrekoa eta
eskubide politiko oro ezabatuko lituzkeena. Era berean, Europar Batasuneko gobernuen
zein mendebaldeko komunikabide nagusien hipokrisia salatzen dugu, demokraziaren
izenean Venezuelako herriaren kontra oligarkia inperialistaren estatu kolpe hau babesten
ari baitira.

Horregatik dagokigu Venezuelako herri langilearen erresistentzia eskubidea
babestea. Munduko langileriak, beste edozein egoeratatik bezalaxe, ezinbestekoa du
egoera honetatik ere irakaspenak ateratzea. Ezin ahaztu ditzakegu, arrazoi ezbedinak
tarteko, estatu bolibartarrak bere asmo nagusiak muturrera eramateko topatu dituen
mugak. Hamarkadaz hamarkada garatzen joan diren ezker prozesu nazionalistek blokeo
egoeran daramatzate azken urteak bai Venezuelan baita Latinoamerika osoan ere.
Borroka prozesu emankor bezain gogorren bitartez eta irabazien birbanaketa handien
bidez herri langilearen bizi baldintzak hobetzea lortu bazuten ere, proiektu
sozialdemokratei berezkoak zaizkien mugen eta, bereziki, presio inperialistaren ondorioz,
eraldaketa prozesu hauek apalduz joan dira. Venezuelaren aurkako eraso inperialista
salatzen dugun honetan, langileon independentzia politikoa oinarri izango duen
nazioarteko alderdiaren eraikuntzan berrestea dagokigu, inperialismoaren aurrean
sozialismoaren eraikuntza izango baita egiazko irtenbide bakarra.

Orain, Venezuelako herri langilearen erresistentzia eskubidea babesteko unea da.
Herri langileak inperialismoaren eta faxismoaren aurrean bere antolakuntzarako
eskubidea, instituzio propioak eta langileriaren interesak defendatu behar ditu. Venezuelan
herri langileak hamarkadetan zehar eraturiko ehun militantea arriskuan dagoen honetan,
horiekin guztiekin eta oro har langile klase osoaren aldean lerratzen gara, inperialismo
estatubatuarraren eta faxismoaren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!