CDHtik HCREko familiari

Erabiltzailearen aurpegia Dunixe Berlanas Camarero-Nuñez (CDHko lehendakaria) 2025eko abenduaren 27a

Dunixe Berlanas Camarero-Nuñez
CDHko lehendakaria

CDHko Zuzendaritzaren eta familia osoaren izenean

Abenduaren 18an, Hernani eta bereziki kirol mundua eta errugbiko familia, albiste latz batekin esnatu zen. Hernaniko errugbiaren eta ondorioz herriko kirolaren historian oso garrantzizkoa izan den Juan Rodriguez Laburuk utzi egin gintuela.

38 urtez edozein kirol elkarteko lehendakari izatea ez da lan erraza, eta gaur egungo gizarte joeretan are gutxiago. Hori aski litzateke Juanen izena goraipatu eta narbarmentzeko. Baina aldi horretan, HCREk kirol eta gizarte mailan lortu dituen lorpenak eta Hernaniren izena eraman duen lekuetara eramateak, Juanen izena eta memoria, herriko kirol historian leku berezian gordetzea merezi du.

Eta horrela erakutsi zuten joan den ostegunean, Hernaniko Errugbi Elkarteko kideek antolatutako pasillo eta ekitaldi hunkigarrian parte hartu zuten ehundaka herritarrek.

Guzti honengatik, CDHtik ere omenaldi xume bat eskaini nahi diogu, hitz hauen bidez. Lehenik eta behin, doluminak eta besarkada haundi bat bidali nahi diegu senideei eta Errugbi Elkarteari, Zubipetik Landarera. Eta bereziki, bere biloba eta gure jokalaria den Leireri.

Eta Juan Rodriguez Labururi egin diezaiokegun omenaldirik onena, berak bizi guztian egin bezala, baloiek, borobilak edo obalak, Hernaniren alde biraka jarrai dezaten lanean jarraitzea da.

CDHtik ere, eskerrik asko Joanito.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!