Kirola, politika eta Espainiako Itzulia

Erabiltzailearen aurpegia Axi Mendizabal Goñi 2025ko ira. 9a, 00:00

Gogoratzen den inoizko etapa sonatuenetako bat ez ote da izan aste honetan ikusi dena Euskal Herrian barrena. Kirol ikuskizunagatik izan beharrean, Palestinaren alde erakutsitako elkartasunagatik eta ondorengo polemika guztiengatik izan da. Izan ere, Israel Premier Tech taldea parte hartzen ari da eta Palestinaren aldeko manifestariek ibilbide osoan zehar eta ondoren Bilboko helmugan adierazi zuten hori normaltasunez egitea ez dela zilegi.

Kirola eta politika banaezinak dira, nahiz eta antolatzaileek, txirrindulari edota zaletu batzuek kontrakoa esan. “Neutralitate politikoa eta kirolaren autonomia” defendatu ditu UCIk (ofizialki Israel lasterketa guztietatik kanporatzeko azken hitza duen instituzioa), Israel taldeak genozidioarekin zerikusirik izango ez balu bezala. Baina ez da hala. Israel Premier Tech taldea estatu genozida txirrindularitzaren bitartez zuritzeko sortu zen, taldearen jabea, Sylvan Adams, Netanyahuren kolaboratzaile izanik. Funtzio politiko jakin bat du kirolak israeldarrentzat eta hemen kontrakoa esateak bide ematen dio talde honen parte hartze normalari, Gazan ia egunero ehundaka pertsona hiltzen dituzten bitartean.

Gure esku dagoen guztia egin behar dugu genozidioaren parte diren edo hauekin kolaboratzen duten agente guztiak azaleratu eta salatzeko. Kirola ere, beste alor guztiak bezala, politizatu beharreko espazioa da. Ezin du lehentasun bat izan etapa zoragarri batez gozatu ahal izatea genozidioaren agente bat bertan dagoen bitartean.

Gogoratzen den inoizko etapa duinena.

Israel Premier Tech kanpora! Gora palestinar erresistentzia!

Axi Mendizabal Goñi

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!