Egun batzuk atzera, Hernaniko anbulategiko larrialdien egoeraren berri izan genuen egunkari honetan. Bertako langileek bizi duten egoera salatu dute, larrialdietako medikurik gabe baikaude herrian arratsalde gehienetan. Osakidetzak ez ditu medikuen oporraldiak beste mediku batzuekin ordezkatzen, eta erizainak behartzen ditu hutsune horiek betetzera. Anbulategiko langileak ez dagozkien lanak egiten ari dira, eta herritarrok ez dugu etengabeko larrialdi zerbitzuko arretarik bermatuta.
Baina zoritxarrez ez da Hernaniko kasua bakarrik, inguruko herrietan ere antzekoa baita egoera. Osakidetzak ez ditu bere langileen lan baldintzak errespetatzen eta herritarren osasunarekin ari da jolasean. Oinarrizko eskubideen urratze sistematikoaren adibide bat gehiago da, etangabeko inbertsio publikoen murrizketaren baitan (bide batez, inbertsio militarra handitzen den bitartean). Osasun sistema publikoaren desmantelamendua gauzatzen ari dira, eta horrek kalitatezko osasungintzaren galera, osasun langileen lan baldintzen okertzea eta zerbitzuen pribatizazioa ekarriko ditu ezer egin ezean.
Egoera hau salatu nahi dugu guk ere, elkartasuna adierazi Hernaniko anbulategiko zein gainontzeko osasun langile guztiei, eta ardurak eskatu gure osasunarekin jolasean ari diren politikari profesional zein Osakidetzako arduradunei.