Kanika Aisialdi Taldetik gure mendietan jarri nahi dituzten makroeolikoen inguruan gure iritzia adierazi nahi diogu herriari. Ikusten ari gara, enpresa handiek egin nahi dituzten makroproiektuak gainean ditugula eta, aldarrikatu nahi dugu, herritarron ardura ere badela gure ingurua zaintzea eta horren alde borrokatzea.
Ez dira gutxi gure herrian inposatu nahi izan dizkiguten beste makroproiektu batzuk, besteak beste, AHT edo eta erraustegiarena. Ezagutzen genuen paisaia aldatu eta txikitu badute ere era honetako proiektuak jarriz, “normalizatu” egin ditugu lehen sagarrondoak zeuden tokian orain hormigoizko zutabe handiak egotea. Ez dugu horrelako ereduetan sinisten gure herriaren etorkizunerako.
Proiektu berriaren benetako dimentsioak zein ziren jakin genuenean, zur eta lur geratu ginen. Izan ere, eoliko bakoitzaren azpiegitura futbol zelai baten azalerakoa da, gutxi gorabehera; imajina ezazue Zubipe bezalako 15 futbol zelai mendi gainetan. Gainera, egitura hauetara iritsi ahal izateko, egin beharko diren bideek aldaketa handiak suposatuko dituzte herritarrok erabiltzen ditugun errepide zein mendibideetan, hala nola, Besabin. Kalteak ez dira soilik terrenora mugatuko, biodibertsitatea, uraren kalitatea edo eta hilobi arkeologikoak ere kaltetuak izango dira, zuzenean.
Daramagun bizimoduan ez dugu horrelako gaiei buruz hausnartzeko tarterik hartzen, trantsizio energetikoaren inguruan herritarrok ere hausnartzera eta eztabaidatzera animatzen zaituztegu. Ezinbestekoa dela deritzogu kritikoak izatea eta gure ondorengoei zer nolako herria eskaini nahi diegun pentsatzea. Gure iritziz, mendien txikizioa ez da, inondik inora ere, konponbidea izango.
Ez Urumean, ez inon!