Etxebizitzaren egoera sostengaezina da, eta enpresaburuen eta politikarien proposamenek ez dute arazoa konpontzen: etekin ekonomikoa jendearen ongizatearen gainetik jartzen dute, eta beraz, negozioan oinarritutako sistema betikotzen dute.
Nola? Finantzaketa publikoa onura pribatura bideratzen da: etxe jabeen poltsikoetan amaitzen dute diru laguntzek, eraikuntza sektorea finantzatzen da etxe gehiago egin ditzaten, jabeei abantaila fiskalak ematen zaizkie, eta okupazioaren aurkako neurriak hartzen dira.
Zertarako? Etxebizitza merkatuaren errentagarritasuna bermatzeko, eta aldi berean, gizartean edozein eztanda saihesteko.
Emaitza? Batetik, Estatuaren zorpetzearen kontura, etxebizitzaren negozioa finantzatzen da. Bestetik, prezioak jaisten ez dituztenez, ez dute biztanleria pobretzeko prozesua moteltzen. Hortaz, etxebizitzaren merkatu polarizatua egituratzen ari da: luxuzko etxebizitzak burgesiarentzat eta miseriazko etxebizitza sozialak langileriarentzat.
Orduan, zer?
Etxebizitzaren gaineko mugimendu indartsua eratu beharko da, hobekuntzak lortzeko eta dagozkigun eskubideak defendatzeko. Izan ere, langile klasearen esku dago mehatxu iraultzailea antolatzea. Osasungintza publikoaren alde egiten dugun bezala, zergatik ez doako etxebizitzaren alde?
Nola? Antolakuntza iraultzailearekin, eta bitartean, hainbat baldintza exijituz: prezioen jaitsiera, etxegabetzeak etetea, filtro arrazistekin amaitzea, erabilpen gabeko etxe hutsen desjabetzea, desokupazio enpresak legez kanpo uztea, eta gazteon emantzipazioa ahalbidetzea.
Zertarako? Gizarte berri baten aldeko borrokan, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den etxebizitza eredua lortzeko.
Apirilak 5, 12:00etan Bulebarrera (Donostia)! Etxebizitzaren negozioari EZ!