Hernanin, Euskal Herriko beste zenbait txokotan bezala, tradizio sakoneko ohitura da Txotx denboraldia. Ospakizunen atzean, ordea, bestelako errealitate bat ezkutatzen da, tamalez. Horregatik, Kontseilu Sozialistatik Txotx denboraldian ematen diren gehiegikerien normalizazioa salatzeko kanpaina bat abiarazi dugu duela aste gutxi.
Denok ezagutzen ditugu Txotx denboraldia dela eta baldintza negargarrietan lan egin behar izan duten gidari, garbitzaile, saltzaile zein tabernariak. Horien artean, baina, haien lehen lan esperientzia modu ezin prekarioagoan bizitzen ari diren gazte langileak azpimarratu behar ditugu. Sarritan, ez dagozkien funtzioak betetzera derrigortuak, kontraturik gabe zein gehiegizko lan orduak egin behar izaten dituztenak.
Emakumeen aurkako erasoak ere areagotu egiten dira jai-giroan; eta festan emandako erasoak izanik, erasotzaileek izaten duten konplizitatea zein eraso horien normalizazioa salatu beharrean gaude. Herrian biltzen den jende guztia modu egokian kudeatzeko gaitasunik ez, eta gure kaleak poliziaz betetzen dira astebururo. Gure segurtasunaren izenean presentzia poliziala ikaragarri handitzen da hilabete hauetan zehar.
Hortaz, Festa bai, baina zeren kontura? Noren kontura? Zer-nolako festa eredua nahi dugu? Gehiegikera hauek onartzen jarraitu behar al dugu? Zein bitarteko jartzen dira gehiegikeria horiei aurre egiteko? Erantzunen faltan, gauzak aldatzen hasteko lehen pausoa galderak egitea omen da.