DOINUA: MUNDUKO ILUNABARRA
Valentziako alarma
soinuak hara narama
ze zorigaitza, ze drama
Dana-k txikitu du dana.
Beste berririk ez dago orain
lohi-lokatzen pisu-zama,
desagertuak eta hilotzak
ahizpa, lehengusua, ama…
Ordea batzuk elkarri kaka
botatzen a ze afana
“erantzuleak arduradunak
ager bitez banan bana!!!”
eskatzen saia gaitezke baina
-“hori ez zen nire lana…”
Berdin negu edo uda
denboraleen kontura
lehor, heze edo ura
begiratzen dut zerura.
Baina sekula pasatzen badu
aurreikuspenaren muga
eta lanera joan behar badut,
joan_behar badut arriskura
eskubidea beharko nuke
nik botatzeko aingura
eta derrigor joan behar badut
agintzen duten lekura
nork hartuko du nire hileta
kosteatzeko ardura?
Gertatzen baita sarritan
enpresa handi-txikitan
langilea izerditan
ta nagusia erritan
“azkar etorri, pisu gehiago,
euritan bada, euritan”
arrisku latzak hartuta ere
ordain onik ez patrikan
mundu honetan nork agintzen dun
ikus liteke praktikan
inpunitatez jokatzen dute
bihozgabeki erditan
ta Valentzian pertsonak falta
familia afaritan.