11 egun zein 10 gau igaro ondoren, 23. KORRIKAk amaitu zuen bere ibilbidea, Irundik Baionarat. Inoizko KORRIKArik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa.
Beste behin, Hernanialdeak Astigarraga eta Hernani osoko errepide eta kaleak hartu ditu. Itzela izan da: argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako: horren ordez, egiazko trantsizio bat nahi du.
Parte-hartze masibo hori herri gisa egin dugu, denok batuta. Genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz gerturatu dira KORRIKAra, euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, herri-aldarri alai eta tinko honetara. Haietako batzuk euskaradunak dira dagoeneko; beste batzuk, euskaradunak ez izanagatik ere, badira euskararen munduaren zati. Ateak zabal-zabalik dituzte guztiok; barneratzeko bidea, libre. Euskararen herrian eroso bizi ahal izateko desioan, lekua dago edonorentzat.
KORRIKAren helburua bete dugu: euskararen aldeko kontzientzia berpiztu, herri-gogoa hauspotzea lortu du. Lasterketan bertan parte-hartze masiboa igartzeaz gain, etxetik ere inoizko KORRIKArik ikusiena izan da hau, aurrekoaren marka oro hautsita.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu era batera edo bestera auzolan erraldoi honetan esku hartu duten guztiei.
Eskerrik asko, Hernanialdea!
Gora KORRIKA, eta biba euskararen Herri Harroa!