Nazkatuta gaude behin eta berriz errepikatzen eta salatzen ibili beharra oraindik ere neska* gazteontzako kaleak ez direla seguruak. Esan beharrik ere ez dago, sagardotegi denboraldiarekin batera kaleak arrotzago bilakatzen zaizkigula, jai giroa zapuzten digute eta parrandaz lasai asko disfrutatzeko aukera gutxi batzuek baino ez dute izaten.
Denboraldian zehar, sagardoaren aitzakiapean neska* gazteok jarrera nazkagarri asko jasan behar izaten ditugu, are gehiago honek daraman erantzukizun guztia guregan jarriz.
Nazkatuta gaude, ligatzetik oso urruti erasotu egiten gaituzuelako, anaitasunagatik edozein eraso onartzeko gai zaretelako, gure gorputzekin edozer egin dezakezuela uste duzuelako, espazioak okupatzen dituzuelako, baboso zikin batzuk zaretelako!
Honen aurrean ez gara isilik geratuko eta borrokan jarraituko dugu jai giroan denontzako izango diren espazio seguruak eraikitzen. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaigu gazte feministok saretu eta elkar antolatzea. Beraz, Hernaniko neska* gazteon bizipenak politizatu, gure artean ahaldundu, saretu eta kaleak hartzeko asmoz, Harrotzenen eskutik asanblada ireki bat antolatuko dugu, babosoak borrokatu eta autodefentsa feministaren bitartez denboraldian jasan behar izaten duguna errotik hausteko!
Martxoaren 1ean Kulturarteko Plaza Feministan izango dugu asanblada, beraz gazte feminista guztiei gonbidapena zabaldu nahi dizuegu, aipaturiko helburu guzti hauek elkarrekin hauspotu ditzagun.
Gora borroka feminista!
Lucia Fernández Gómez
Naia Barrenetxea Irastorza
Harrotzen