Estatu sionistaren eskutik, herri oso baten genozidioaren aurrean aurkitzen gara. Palestinar herria 75 urte luzez jasaten ari den Israelen kolonialismo, errepresio eta okupazioak ez du etenik. Honen aurrean, nazioarteko erantzuna lotsagarria eta hutsala da; beraz, gure ardura da Israel babesten duten mendebaldeko gobernuen eta enpresen kolaborazioa salatzea, baita boikoteatzea ere.
Kapitalismoaren dimentsio zabalean, euskal herritarrok kontsumitzaile gisa politikoki eragiteko gaitasuna dugu. Hori gure boterea da, baita gure erantzukizuna ere. Beraz, jakinik estatu bati min gehien eragin diezaiokena eremu ekonomikoa dela, bakoitzak bere etxetik kontsumitzen duenaren inguruan kontzientzia hartzea beharrezkoa ikusten dugu. Uste baino enpresa gehiago genozidio honen konplize baitira. Egia da, auzi honen erantzukizun handi bat gure gain dauden botere politikoena dela, norgehiagokaren jolas amaigabean dabiltzan horiena. Honen aurrean, sarritan zaila ikusten dugu gure ekintzak aldaketarako bidean kokatzea, baina argi utzi nahi dugu Palestinarekiko gure elkartasun osoa adieraztea eta honen alde borrokatzea gure esku ere badagoela.
Bestetik, salatzekoak iruditzen zaizkigu nazioartean saltzen ari diren Israel zuritzeko plan estrategikoak, izan Hamasen aurkako errelato hegemonikoa edota pinkwashinga. Ez baitago genozidio hau justifikatzerik!
Genozidio honen euskarri diren interes politiko, kapitalista eta kolonialistei boikot! Israelekin loturik ditugun hari guztiak hautsi arte, borrokan jarraituko dugu.
Aurrera Palestina!
Amaiur Velez Niño eta
Naia Barrenetxea Irastorza
Ernai Hernaniko kideak