Aste honetan eman zaio hasiera luze joango den Itsaso Zaldua Iriberriren epaiketari, Madrilen. Audientzia Nazionalean epaiketa horren iraupena sei bat egunekoa izatea dago aurreikusita, gutxi gorabehera.
Itsasok hamabost urte daramatza preso; izan ere, estatu frantsesean 12 urte t'erdi bete zituen, eta kalean aske hilabete batzuk eman ostean, berriro atxilotu zuten. Horrelakoak eta antzekoak behin eta berriro errepikatzen dituzte azken urteetan Espainian mendeku gosea asetu ezinean dabiltzan batzuek: heldulekurik gabeko auziak irekiz, hirugarren graduak ukatuz, espetxeetako baimen arruntak ukatuz, Frantzian betetako urteak kontuan ez hartuz, graduen erregresioa zentzugabekeriaz aplikatuz eta abar.
Zenbat aldiz jarraitu beharko dugu horrelakoak salatzen? Noiz arte itxaron behar dugu behingoz zauriak ixten joateko? Badirudi oraindik ere sufriaraztea dela helburua batzuentzat, eta doan ateratzen zaie, gainera. Bakea eta elkarbizitzaren aldeko apustua egin nahi bada, salbuespenezko legeria bertan behera utzi eta mendekuan oinarritutako jokabideak baztertu behar dira behingoz.
Ez dira egun gozoak izango Itsasorentzat eta bere ingurukoentzat, eta horregatik, Saretik geure babes osoa eta elkartasuna eskaini nahi dizkiegu. Era berean, antolatuko diren ekimenetan parte hartzera animatzen ditugu herritar guztiak.