Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuaren erantzuna Udalak etxegabetzearen inguruan egindako adierazpenei

Erabiltzailearen aurpegia Jon Zumalabe Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuko kidea 2023ko mai. 21a, 00:00

1- Lehenik eta behin, duela bi egun publikatu genuen irakurketan adierazitako guztian berresten garela adierazi nahi dugu. Inork irakurketa osorik nahiko balu eskuragarri du gure sare sozialetan.

2- Informazio okerra zabaltzea leporatzen digute, informaziorik gezurtatu gabe eta giroa nahasteko asmo garbiarekin. Jakin badakite zabaldutako informazio guztia egia dela.

3- Udalaren kezka nagusia hauteskunde kanpaina betean bere aurkako iritziak eta beraren erantzukizuna garbitzea da. Instituzioen aldetik etxegabetzeak ezkutatzeko ahalegin garbia ikusten dugu. Aste honetan bertan jakin dugu gutxienez beste etxegabetze bat gertatu dela Hernanin.

4- Pribatutasuna ez errespetatzea leporatzen digute, jakinik familiak defentsarako duen bitarteko gutxietako bat dela salaketa publikoa. Esan beharrik ez dago kaleratu dugun informazioaren zatia familiarekin batera erabakia izan dela. Udalak ez du ezer esaten, baina, ezagutzen ez den informazio gehiago dagoela iradokiz, familia bat
kalean eta alternatibarik gabe uztea zilegi dela ari dira baieztatzen. Hori oso grabea da.

5-Gaia desenfokatu nahi badute ere, hau da arazoa: ekainaren 7an familia bat alternatibarik gabe geratuko dela. Ez al da hala? Hori gezurra al da? 4 hilabete daramatzagu zerbitzu sozialekin eta udaletxearekin harremanetan eta gaur gaurkoz ez dago alternatiba bat ere mahai gainean. Hori da errealitatea. Gainera, instituzioen jarrera salatu genuen alternatibarik eskaini ez eta familiari errolda ukatu izanagatik. Bai etxe horretan erroldatzea zein errolda soziala. Errolda soziala guztion eskubidea da, eta administrazioaren ardura. Ez al da hori egia?

6- Udalari, baldin eta egoera konpontzeko borondaterik badu behintzat, Etxebizitza Sindikatuarekin bildu eta egoera kudeatzeko erraztasunak ematea eskatzen diogu. Orain arte ez digute ez alternatibarik, ezta gure eskaerei erantzun ere. Alternatibarik ez dagoen bitartean, guk etxegabetzea gelditzeko deialdiarekin aurrera jarraituko dugu.

Ekainaren 7an batu etxegabetzea gelditzera!

Jon Zumalabe
Buruntzaldeako Etxebizitza
Sindikatuko kidea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!