Azken urteetan Berdintasun Kontseilutik kale izendegirako hainbat proposamen egin ditugu. Guzti hauek ibilbide batean bildu ditugu, eta bonbila morez argiztatu ditugu.
BERRESKURATU ditugu batzuk ahanzturatik, emakume guztiona den ANDRE KALETIK hasita. Ozen diogu, AZAROAK 25eko plazan, nahikoa da! Indarkeria matxistarik ez! MOIO kaletik pasatzean, jabetzen gara zein garrantzitsua den ikusezina ikusten ikasten jarraitzea une oro. LEOKAN labanderak gogoan, disfrutatu egiten dugu emakume artisten talentuaz. Ezkiaga pasealekuko kioskoak gogorarazten digu, jendaurrean kantatzetik nola pasa daitekeen ganbarako kutxa bateko ezkutalekura; eta hala ere erretako paper horien errautsak biziraun dute, JOXEPAK hain maitea zuen euskarak bezala. Historia ezagutu eta osatu beharra dugu, itzalean utzi dutenari fokua jarrita, M.Cruz LORENZA-k plazan bere lekua izan dezan. Herri honen bilakaeran ezin aipatu gabe utzi, INDUSTRIARA LANERA etorritako hainbat jatorritako andreak, lan baldintza duinen alde borrokatu eta egungo eskubide asko lortu zituztenak. Biziki maite zuena egitera ausartu zen CARMEN ADARRAGA, emakumeak kirolariak ere izan zitezkeela ikusaraziz. Euskal Herriko sukaldeetan a ze saltsa! DIONIXI PAGUAKO MAIXTRARI begiratu besterik ez dugu, etxeko sukaldetik auzoko ESKOLA sortu baitzuen inongo errezetarik gabe. Eskolak sortzea baino ekintza politikoagorik? Eta politagorik? Azkenik, KULTURARTEKO PLAZA FEMINISTA dugu, feminismoaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako espazioa; gure artean saretuz eta eraldaketa bultzatuz Hernani justuago baten bidean.
Gonbidatuta zaudete, igandea, martxoak 26, 11:30ean Gudarien plazatik abiatuko den ibilbide more hau aurrez aurre ezagutzera. Jarrai dezagun bonbila more gehiago pizten!