Beldurra, harridura, pena, amorrua, basakeria, nazka, haserrea, sarraskia eta berriz: harridura, pena, amorrua...
Ez dakit nori zuzendu gutun hau, eta honez gero ez du gehiegi axola.
Larunbatean Hernanira iritsi eta hilerri paretik Galarretaraino ezker eskuin zeuden plataneroak ikusita, sekulako inpotentzia sentitu nuen.
Inpunitatea, beldurra eta jendearen ezjakintasuna batuta, halako basakeriak egiten baitzaizkie zuhaitzei eta normaltzat hartzen ditugu.
Ez naiz hasiko galdetzen arrazoiak zeintzuk diren, erantzunak ezagutzen ditudalako eta oso mingarria delako behin eta berriz entzutea. Aspaldi asmatu zituzten, "zuhaitzak gaisorik zeuden" eta "arriskurik ez izateko". Horrekin, dena libre! Nahi dutena, nahi dutenari eta denok "amen!"
Errespetua eskatu nahiko nuke. Bai zuhaitzentzat baina baita pertsonentzat ere.
Zuhaitzak hilko badituzue, ipurditik moztu eta listo; itxurakeri eta aitzakiarik gabe. Esan lasai: "hau nik erabaki dut eta horrela egingo da!". Baina ez zuhaitzak torturatu eta ez zurikeritan ibili.
Ia desagerturik dagoen "kimaketak" egiteko modu hau, astakeria hutsa da. Urteak dira ez dela ulertzen, azalpenik ez duelako.
Lorezaina naiz eta zuhaitzak maite eta errespetatzen ditut. Egongo da zuhaitzak maite ez dituenik, baina mesedez: behintzat errespetatu ditzala. Dena ez da balekoa.