Hernaniko udal gobernuak pasa den abenduan Mugimendu Sozialistaren aurka hartutako neurria izan zen, jaitan gure parte-hartze normala debekatu ondotik, 3000 eurotik gorako isuna jartzea. Baina neurri honek herritarron inolako babesik ez duela erakusteko abiatu genuen sinadura bilketan 1300 herritarrek eman dute euren izena, ezezkoa esanez isunari eta jaitan Mugimendu Sozialistaren parte-hartze normalaren alde.
Sinadura bilketarekin hasi aurretik, salaketa publikoa eta kontzentrazio bat egin genituen, aldarri berberekin. Horiei jaramonik egin ez, eta denbora pasatzen uzten ari da Udala. Emaitza hauen bitartez, halere, egoerari erantzun eta aterabide bat ematera derrigortua dagoela iruditzen zaigu, asko izan baitira horren alde pauso bat eman dutenak. Zentzu horretan, eskerrak ere eman nahi ditugu sinatzera eta informatzera inguratu zaizkigun herritarrei.
Oinarrian, bidegabea zen erabaki bati aurre egiteagatik jaso genuen isuna. Izan ere, betoa da txosna modu horretan jarri izanaren kausa, eta, beraz, haiena da egoera honen ardura. Gure aldetik, garbi erakutsi dugu gure aldarriek badutela babes soziala, eta, hortaz, badela garaia isuna atzera bota eta aurtengo jaitan halakorik berriro gerta ez dadin. `
Instituzioetatik kanpo politika egitea hain zaila den garaiotan, Mugimendu Sozialistak baldintza horiek biderkatzeko lanean jarduten du, funtsezkotzat baitu politika ezein esparrutara zabaltzea eta egungo despolitizazioari aurre egitea. Horregatik, arriskutsua deritzogu horrelako mugimenduei oztopoak jartzeari. Ez ahaztu ezkerreko alderdi baten partetik iritsi dela isun hau, legeak eman dien boterea probesturik. Ez dezagun normaltzat hartu. Hori dena esanda, argi eta ozen diogu: isuna atzera bota eta bermatu jaitan parte hartzeko eskubidea!