Aurreko idatzi batean komentatu genuen moduan, EH Bilduk Hernanin legegintzaldi amaieran egingo duen lanketa ez da nolanahikoa izango! Ez naiz etorkizuna asmatzen duen horietakoa, baina ezker abertzaleak gobernatu duen beste urte batzuetan gertatu denari eta orain gertatzen ari denari erreparatu diot, besterik gabe.
Udalak herria garbitzeko 60.000€ baino gehiago bideratzea erabaki da urtarrileko Osoko Bilkuran. Erabaki ona da, bai, baina erabaki horrek ez luke puntuala izan behar, baizik eta Udalak egin beharreko ohiko lanen parte; horrela, gure herria garbi izan ahalko genuke beti. Suposatzen dugu, orain, distiratsu edukiko dugula hauteskundeetarako.
EAJ-PNVkoa ez den beste zinegotzi batek, Osoko Bilkuratik irtetean esan zidan urtero egon beharko genukeela hauteskundeetan. Argi dago, begi-bistakoa da guztiontzat. Ongi etorri, baina berriz diot, azken sekuentziak ez diezagula eragotzi pelikula osoa gogoan izatea.
Ahaztuta neukan, margotu berri duten ‘Karbonera’ etxeko hormaren gainean, LABek eta Sortuk dagoeneko egin dute bere horma-irudietako bat. Zergatik EH Bilduk ez die zehapen-espedientea irekitzen Sorturi eta LABi Kaxkoan egindako pintadagatik? Hernanin nahi dutena egiten dutelako, nahiz eta besteak behartu arauak betetzera.
Andoni Amonarraiz Gómez
EAJ-PNVren bozeramailea Hernaniko udalean