Badira jada hilabete batzuk Enherkom kooperatibak eta Hernaniko Udalak Energia bulegoa ireki zutela Iturolan (Gabriel Zelaia eraikina), kontsumoaren murrizketa eta efizientzia energetikoa sustatu asmoz. Aholkularitza zerbitzu honek, herritarroi zein enpresei energiaren inguruan izan ditzakegun zalantzak argitzea eta aukerak azaltzea du helburu, eta beste zerbitzu askoren artean, faktura energetikoa (gasa eta elektrizitatea) optimizatzeko aholkularitza eskaintzen du, baita fakturaren azalpena ere.
Oraintxe bertan iritsiko zaigu guztioi etxeetara gasaren urteko fakturarik handiena, neguko hotzik handienak orain egiten baititu. Eta badakigu guztiok argiaren faktura ere zenbat igo den. Oso garrantzitsua da jakitea zer nolako kontratuak ditugun, merkatu erregulatuan edo librean ditugun, kontsumitutako energiaren prezioa egokia al den, zein bidesari dugun kontratatua, edo zenbateko potentzia.
Orain kobratuko dizkiguten fakturek izugarrizko igoera izan dezakete, ez baditugu kontutan hartzen zenbait aholku (badira batzuk 400, 500, 600€ edo gehiagokoak). Ez izan zalantzarik, mesedez, eta hitzordua hartu Energia bulegoan; izugarrizko aldea dago modu batekoa edo bestekoa izan kontratua. Hitzordua hartzeko moduak: 943 33 70 22 edota energia@hernani.eus. Eta bulegoko ordutegia hauxe da: astearte eta ostegunetan, 10:00-13:00 eta 15:00-18:00.
Kistiñe Lujanbio Galdeano
'Bidea' Herritar taldeko kidea (Hernani Burujabe)