Iazko San Joan jaietan txosna bat jartzeko eskubidea inolako justifikaziorik gabe ukatu ondoren, 3000€tik gorako isuna jaso du Mugimendu Sozialistak eskubide hori gauzatzeagatik. 2023ko festen prestaketak hastear daudenean konponbide bat beharrezkoa dugu.
Kontrako mamu bat zabaltzen saiatu ziren arren, iazko San Joanak normaltasun osoz ospatu ziren. Beto politikoen gainetik, ezinbestekoa zaigun jardun politikorako finantziaketarako baliabide apurrenetakoa den txosna jarri genuen, herritar askoren babesa jasoz. Sei hilabete geroago, Hernaniko Udalak errepresio ekonomikoa gehitzen dio lehenagotik ezarritako beto politikoari. Honekin, argi uzten ari da edonork herriko festetan parte hartzeko edota txosna bat jartzeko eskubidea berriz ere urratzeko asmoa.
Pasa den abenduaren 26an, plazan egindako kontzentrazioan salatu genuen Udalaren erabaki hau, isuna kentzeko galdegin eta datozen San Joan jaietan denon eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatzeko. Udalak ordea, ez du ezer esaten. Isuna ordaintzeko epe-muga pasa den arren (isunik ordaindu gabe), isiltasuna da jaso dugun erantzun bakarra.
Interes partidistak darabiltzate espazio publikoaren erabilera mugatu eta Mugimendu Sozialistaren aurka jotzeko, gure jardun politikorako diru-iturri nagusia ukatuz. Horrez gain, Hernaniko herriaren izenean 3000€tik gorako isuna ezarri digute. Azken honi aurre egiteko sinadura bilketa bati ekin genion urtearen amaieran, eta orain, San Joan jaien prestaketak hasi behar direnean berrekingo diogu.
Beraz, herritar oro gonbidatu nahi dugu sinatzera, Udalak Mugimendu Sozialistari ezarritako isuna kendu eta datozen San Joanetarako konponbide bat lortzera begira, gure eskubideak urratuak ez daitezen izan.