Oñatiko herriak autosufizientzia energetikoa lortu zuen, Udalak birgaitu zuelako zentral hidroelektriko zahar bat, herri osoa hornitzen duena. Hernanikoak burujabetza sustatu du telekomunikazioetan, egitateen bidetik, instituzionalerako; baina desiragarria litzateke, hori ezarri ahal izatea hezkuntzan ere, software librearen bitartez, Alemania, Herbehereak, Danimarka eta beste herrialde batzuetan bezala, Google bezalako zerbitzaileak debekatzen dituztenak eskoletan.
«Teknologia independentea, herriarena eta herriarentzat». Horrela eman zioten hasiera Euskarabilduaren saioari, eta honakoa entzun zuen bertan Hernaniko alkateak ere: «Gure datuen jabe izan behar dugu, software librearen bitartez. Baldintza horietako bat ere ez da betetzen zerbitzu publiko digitaletan. Eta hori delitua da. Ez dute betetzen digitalizazio demokratikoaren baldintza bakar bat ere». Iratxe Esnaolarentzat, eskandalugarria da Eusko Jaurlaritzak kasurik ez egitea independentzia digitalaren eta software librearen aldeko proposamenei, iragarriz Google, Windows eta antzeko mota komertzialeko zerbitzuen aldeko apustua.
Lasaigarria da, jakitea Hernaniko alkatea herritarren oso aurretik dijoala, Bartzelonako alkatearen pausuak jarraituz software librearekin: «Proiektu hau (Xnet) kezkatuta dauden familien eskutik sortu da, testuinguru larri batean, haien seme-alaben datuekin zer gertatuko den kezkatuta; eta borrokatu behar dugun arlo bat da».
Hernani Burujabek antolatuta, hilaren 17an eta 18an aurkezpen hitzaldi banatara joan nintzen Iturolara, software libreari eta internet bidezko telekomunikazioei buruz. Nabarmentzekoa izan zen konpromezu instituzionala, baliabide tekniko eta humanoak, gaitasun profesionala, eta hizlari eta antolatzaileek lortu zutela horiek gertu eta irisgarri sentiaraztea. Eragile gisa, nire oharra helarazi nahi diot alkateari: irabazi egin nahi badu, ez botoetan baizik eta herritarren kontzientzian eta burujabetza teknologikoaren lorpenetan izan daitezkeen etorkizuneko bazkideetan, hurrengoetarako ezarri dezala sistema bat euskeraz ez dakitenentzat.
Interneteko informazioa iritsi daiteke wifi bidezko uhinen bitartez, router-antena batek igorrita; baina osasungarriagoa da kobrezko kableen (ADSL) edo fibra optikoaren (argia) bitartez iristea, eta horri eta eskolei buruz, oso gutxi hitz egin zen Iturolan.
Azaroaren 29ko Plenoan, aurrerapen teknologiko horien albo-arazoak aurkeztuko ditugu, bereziki eskola ingurunean, osasunean duten ustezko eraginagatik eta azalpenik ez duten heriotzengatik; eta lau eskaera bozkatuko dira:
1) 2022 bukaerarako mapa bat osatzea antena guztien kokalekuarekin, potentzia, frekuentzia eta radiazioa zehaztuz
2) 2023ko udararako, aztertzea antenen ingurunean ematen diren minbizien portzentaia, Hernaniko batazbestekoaren aldean
3) Urte bukaerarako, ezagutzea neurketa profesionalen bitartez eskoletako eta adinekoen egoitzetako radiazio maila
4) Diru partida bat sortzeko aukera aztertzea, diruz laguntzeko loaren habitateko neurketen kostua, erradio-sentiberak diren pertsonen etxeetan
Iulen Lizaso Aldalur
Bizitza-Ikigai taldeko kidea