Hernani KEren ekarpena, boleibol kantxei

Erabiltzailearen aurpegia Eusebio Lizarazu Iruretagoiena 2022ko urr. 27a, 00:00

Urriaren 25ean Kronikan azaldu den modura, Hernaniko Jarduera Fisikoa eta Kirol sailak, boleiboleko kantxa ezberdinak ezarri ditu, 2022an, Hernaniko eremu publikoetan, eta hori gure kirolarentzako oso pozgarria da. Hamarkadak itxaron ondoren, modalitate honetako esparruak herrian ezartzea beti da ongietorria. Aisialdiko kirola egiteko horren beharra zegoen.

Informazioa egokia da, baina ez dago osatua. Udalak gune publikoa utzi, zutoinak jarri eta Iturolaren kasuan kantxak margotu ditu. Beraz, bere lana egin du, baina Hernani Kirol Elkarteak ere zerikusia izan du eginbehar horretan, eta hau ez da adierazten. Azken finean, ezarri diren sei zutoinak eta hiru sareak klubak eskaini zizkion Jarduera Fisiko eta Kirol sailari, kostua murrizteko eta kantxak udarako prest izateko. Beraz, klubak bere gain hartu du instalazioen kostuaren zati garrantzitsu bat. 

Azkenik, ez da aipatzen Iturolan jarri ziren sareak lapurtu zituztela epe laburrean, 100 euro inguruko galera sortuz eta gazteen jolasteko aukera ezabatuz. Lapurra ez da urrutikoa, eta prestatua zegoen, altzairuzko kablea ez baita mozten edozein labanarekin. 

Gu prest gaude beste bi sare jartzeko, baina sareak lapurtu dituenari esaten diogu: lerro hauek irakurtzen ari bazara, jakin herritarrei zerbitzu bat kentzen ari zarela, zuri kirol instalazio hau gustatu ez arren. Beste batzuek bertan gozatu egiten dute, frontoian, patin pistan, tenis pistan, saskiko kantxetan, eta abar gertatzen den modura. Eskertuko genuke sareak gunean uztea, konpondu eta berriro kokatzeko. 

Azken finean, kirol instalazio irekiak edo beste udal ondare publikoak errespetatu eta mantendu behar ditugu, horrela denok irabazten dugu.

 

Eusebio Lizarazu Iruretagoiena
Hernani Kirol Elkarteko
Boleibol atala

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!