Urumea Herrigunearen itxiera

Erabiltzailearen aurpegia Olaia Auzmendi Sarasa Urumea Herrigunea 2022ko ira. 20a, 00:00

Ostiral goizean Urumea Herrigunea tapiatu zuten. Aspaldi bagenekien hurrengo hilabeteotan Urumea botako zutela, beste behin proiektu urbanistiko-espekulatiboari bide emanez. Aste honetan, aldiz, bi eguneko epearekin udalak jakinarazi zigun espazioa hustu eta tapiatzeko asmoa zuela.

Bi egun soilik bertan bizi direnentzat eta bertan proiektuak burutu izan dituztenentzat, guztia berrantolatzeko. 

Duela lau urte Urumea Herri­gunea deitu diogun espazioa oku­­patu genuen: gune autogestio­natu eta autonomoa izan da, transfeminismoaren eta antiespezismoaren aterkipean. Urte guz­­ti horietan proiektu ezberdinak garatzeko aukera izan dugu mo­du egonkor eta seguruan, bes­teak beste, serigrafia, musika taldeen entseguak eta grabazioak, zinemaldiak, eskultura, joskintza,  elikadura ekoizpen au­tonomorako proiektuak, forma­kuntzak, topaketak eta afari/bazkariak. Azken finean, kolektibo askorentzako bilgunea izan da.

Hernani horrelako espaziorik gabe geratu da. Une honetan, bereziki, horrelako espazioen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Okupazioa aurrera!

Horrez gain, Urumea etxebizitza eta babeslekua izan da sistemaren bazterretara kondenatuta dauden gazte migrante eta arrazializatuentzat. Instituzioek betetzen ez duten lana bete dugu, hori konponbide xumea izan bada ere. Etxebizitza bizitzeko oinarri-oinarrizko beharra da eta etengabe urratzen da horretarako aukera. Orduan, zer? Udal, instituzio, herri mugimendu eta herritar orori zuzendurik, zein dira herri mailan ditugun estrategia eta moduak pertsona orok etxebizitza izan dezan? Inor ez kale gorrian!

 

Olaia Auzmendi Sarasa
Urumea Herrigunea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!