Galdera hori egiten dugu, EH Bilduk Hernaniko etxeetara bidali duen aldizkaria irakurri dugunok. Udal aldizkariaz hitz egin arren, beraiek baino ez dira agertzen, eta, besteak beste, bizikidetzaren arloko gaiak aipatzen dituzte, alderdi politiko guztiek aho batez erabakitakoak. Zergatik egiten dute hori?
Idatzi honetan EAJ-PNVk hainbat urte borrokan daramatzan gai bat aztertuko dut. EH Bilduk beti esan dio ezetz Urumeako aparkalekua eta plaza egiteari. 2017an azterketa bat eskatu zuen honen inguruan, eta jakinarazi zuen Urumea/Milagrosako aparkalekua ez zela beharrezkoa. 2021ean ez zuen argi zer egin Urumeako eraikinarekin: bota edo beste erabilera batzuk eman. 11 urte dira Arau Subsidiarioak onartu zirela, eta urte hauetan guztietan Hernani beti egon da EH Bilduren agindupean. Orain, badirudi ikastolako eraikina bota eta aparkaleku bat egitea erabaki dutela.
Bazen garaia Hernanik aparkaleku gehiago behar zituela konturatzeko. Galdera bat dugu honen inguruan: aldaketa hori nondik dator? EAJ-PNVk etxera bidali duen esku-orriaren ondorio bat da? Bertan, EH Bilduri Urumeako eraikina botatzeko eta aparkalekua egiteko eskatzen diogu. Edo zerikusia du Udal Hauteskundeetarako urtebete eskas falta izanarekin?
Maiatzean, EH Bilduk erabaki du eraikina botako dutela, baina ez du euro bakar bat ere erabili aparkalekuaren proiektua egiteko. EAJ-PNVtik 2021eko soberakinetik 150.000€ erabiltzea eskatu dugu proiektua idazteko. Ikusiko dugu ea gure eskaera onartzen duten eta aparkalekua eraikitzeko benetako urratsak ematen diren.
EH Bilduk postontzietan banatutako liburuxkari dagokionez, bizikidetzaren gaiarekin hasten da, COUTHen kudeaketaren esperpentoarekin jarraitzen du, Hernani Burujabe proiektua aipatzen du, eta Urbieta kaleko eraldaketa «ikusgarriarekin» bukatzen du. Ez dut komentariorik egingo.