Buruhausteen eta tentsioaren ondorengo pozetik idatzi nahi dizuegu, bihotzez eskerrak emateko Ereñotzuko Mendi Lasterketaren parte izan zareten guztioi. Ez geneukan erronka erraza aurten, pandemiak behartutako bi urteko etenalditik bueltan, eta egutegia lasterketaz beteta. Baina erakutsi diguzue, sekulako altxorra daukagula Ereñotzun; duela 12 urte, auzotar talde batek izugarrizko lanarekin martxan jarri zuen harribitxia. Izaera propioa daukana, oso herrikoia, inguruko herritar guztiok egiten duguna, korrikalari izan ala ez, modu batera edo bestera.
Arrondoko antenaren aldapatik iritsi zitzaizkigun irudiak ikusi besterik ez dago... Zer izan zen hori! Pasilloa eta guzti egin zenieten korrikalariei, hainbeste ikusleren artean! Korrikalarien senideak, koadrilakoak, ezagunak, mendizaleak… Dozenaka herritar, giro goxoena piztu zenutenak, ibilbide osoan zehar, eta baita helmugan ere.
Emozio asko izan dira (gehiegitxo), egun bakar batean. Hasi haurren lasterketarekin, txikienek kutsatu zeniguten ilusioarekin eta atera zeniguten irripar amaigabearekin. Segi lasterketa nagusiko partehartzaileekin, auzora ekartzen duzuen laguntasun giro jatorrarekin. Etxeko lasterketa eta etxeko mendi korrikalariek antolatutakoa aukeratu duzuelako, igande goizean sufritu eta disfrutatzeko. Beroari aurre eginez, irripar batekin helmugaratu zineten asko eta asko, eta hori ikusteak izugarri balio du guretzat.
Ezin ahaztu babesleak ere, laguntza eskatu bezala, ahal dutena emateko prest daudenak beti, eskean aritze hori errazago eginez. Eta nola ez, auzotarrek eta boluntarioek beti ematen diguzuen babes eta laguntza izugarria. Hitzik gabe utzi gaituzue, beste behin. Mendian korrikalarien bidea eta antolatzaileen lana errazten zuetako pila bat, dozenaka, egoten bazineten lehendik ere, are gehiago aritu zarete aurten, gure edozein buruhauste eta kezka errotik ezabatzeko.
Erronka haundia genuen guztiok aurten. Baina lasterketa txiki eta apalek gero eta etorkizun zailagoa duten garai honetan, erakutsi diguzue herrikoitasun horri eusten diogula Urumea bailaran, eta daukan balioa ematen diogula. Segi dezagun elkarrekin bidea egiten!
Zuei guztioi, bihotzez eskerrik asko! Gaizki egindakoak barkatu, eta ondo egindakoekin geratu. Datorren urtera arte!