Hernaniko gazte asanbladak salatu zuen bezala, gaztetxeak azkeneko hilabeteetan hainbat eraso jasan ditu eta horietan diru lapurreta, material lapurreta, hainbat ateren hausturak (horietako bat ate nagusia), altzairuak bota eta hautsi eta baita ere objektu pertsonalen lapurreta jasan genuen. Honek guztiak galera ekonomiko handiak ekarri zizkigun eta gaztetxea espazio seguru bat bilakatzeko egingo diren erreformek oraindik eta gastu handiagoak ekarriko dizkigu.
Hau guztiaren aurrean kanpaina ekonomiko bat jarri genuen martxan, hainbat egunetan gaztetxea irekiz eta zozketa bat antolatuz. Honi esker, azken hilabeteetako beharrak asetzea lortu dugu. Hala ere, egingo ditugun erreformak lanean jarraitzea eskatzen digute, hori horrela, azken hilabeteetan martxan eduki dugun kanpaina maiatzak 14ean Gazte Egun
batekin amaitzea bururatu zitzaigun.
Gazte eguna beraz, egun osoko egitarau batekin osatuta egongo da; goizeko 12etan pala eta pilota partidak edukiko ditugu Tilosetan, herriko gazteez osatutako bikoteekin. Ondoren, bertso bazkaria egingo da, Iker Ormazabal, Libe Goenaga eta Andoni Rekondok girotuta. Behin bertsoak amaituta, Eztanda txarangarekin batera Hernaniko kaxkoan ibiliko gara eta amaitzeko, kontzertuak egongo dira gaztetxean, sarrera dohainik izango delarik.
Dudarik gabe, espazioa segurtasun aldetik sendotzeak lagunduko du erasoak ekiditen, hala ere, argi daukagu hainbat belaunalditako gazteek euren aisialdia antolatzeko espazio izan den eta gazteok politika egiteko espazio baten beharra asetu duen gune hau defenditzeko modu eraginkorrena elkartasuna izango dela. Egun honetan, gaztetxearen defentsa ez dela gazte asanbladaren kontua soilik adierazi nahi da eta gazte guztiei dei egiten diogu egun honetan elkartasuna adieraztera.