Nazioarteko Langileon eguna, folklore obrerista batetik haratago, langileriaren borroken bategite eguna izan da. Krisi kapitalista berri baten erdian, sozialismoaren konkistak ekarri nahi dira gogora, nola borrokaren eta antolakuntzaren bitartez langileriak inoizko baldintza eta aurrerapauso handienak lortu izan zituen. Komunismoaren porrotak ahanzturan utzi dituen garaipenak.
Krisi betean, langileria da ondorioak pairatzen ari dena. Pandemiaren aitzakian oinarrizko askatasunak jo puntuan egon dira, eta potentzia kapitalista ezberdinak gerran daude elkarren aurka. Egoera honek erakutsi du oligarkiaren menpe dauden alderdi parlamentarioek ez dutela zer eginik edota miseria kapitalista kudeatzera mugatzen direla. Dirurik ez dago eta ongizate estatuak porrot egin du. Politika erreala instituzioetatik
haratago egiteko baldintzak sortu behar ditugu.
Izatez, mundu osoaren ongizatea bermatzeko inoiz baino baliabide gehiago existitzen dira, teknologia eta ekoizpen bitartekoen garapenari esker. Hauek ordea, burgesiaren eskuetan daude, soilik euren irabaziei men egiteko. Beharrezkoak ditugu bitarteko horiek langileriaren eskuetan antolatu eta denon ongizatea bermatuko duen estatu sozialista eraikitzea.
Ekarpen hori egin nahian ari dira Kontseilu Sozialistak. Langileon borrokak sozialismoaren bidean ekarpena egin dezaten ari gara antolatzen tokian toki, zein unean uneko borroka ezberdinetan. Horrela, maiatzaren lehenean arratxaldeko 18:00tan deitu dugun mobilizazioarekin bat egitera deitzen dugu, bizi dugun egoerari aurre egitea ezinbestekoa baita, etsipenean ito beharrean.