Pandemiatik atera eta orain gerra dugu albiste. Egoera batean nahiz bestean patronalaren interesak dira lehentasun. Pandemian zehar farmazeutikak aberastu ziren, eta orain armagintza eta energia trasnazionalen txanda da.
Langileok, aldiz, gero eta txiroagoak gara. Prezioak gure soldaten gainetik ari dira hazten. Zerbitzu publikoek ez dituzte herritar guztien osasuna, hezkuntza edota etxebizitza beharrak asetzen. Bizitzari eusteko ezinbestekoak diren zaintza lanek emakumeen* bizkar jarraitzen dute.
Finean, testuinguruak aldatzen dira, baina oinarrian dagoen arazoa bera da: egungo sistema ekonomiko eta soziala, bidegabea izateaz gain, bideraezina da. Energia eta materialak agortzen ari dira, larrialdi klimatikoa areagotzen. Eta baliabideak —gero eta urriagoak— eskuratzeko gerra militar eta komertzialak ari dira ugaritzen. Honen guztiaren ondorioz, gero eta herritar gehiago migratzera behartuak dira.
Zorionez alternatiba badago: planetaren baliabideak mugatuak direla aintzat hartuta, eredu ekologikoki sostengarria ezarri eta birbanaketa politikak bultzatzea. Enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzea. Horixe LABek proposatzen duen “banaketa hirukoitza”ren funtsa.
Erronka globala da, baina herrialdez herrialde gauzatu beharrekoa. Euskal Herrian egin ahal izateko estatu tresnak behar ditugu: Euskal Lan Kodea eta Euskal Gizarte Segurantza. Burujabetza eskuratzea behar dugu, Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian gauzatu ahal izateko.
Urratsak eman ditzagun gaurdanik. Lantoki eta sektore mailan borrokak piztu ditzagun. Politika publikoak aldatzeko borroka egin dezagun.
Datorren Maiatzaren 1ean, Donostian izango dugu zita. 12:00etan Easo Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu Buruntzaldeako herritarrei.
Altxa eta abian jar gaitezen!