Iritsi da eguna, bukatu da 67 urtetako ibilbidea (erraz esaten da: 67 urte), eta orain atsedena musikaz beste modu batera gozatzeko.
Juan Jose Arregi apaiza 1955 urtean iritsi zen Hernaniko San Joan Bataiatzailearen parrokiara eta lehen unetik hartu zuen koruko zuzendaritza. Geroztik, zuzendari izatearekin batera, musika pieza ugari sortu ditu eta harmonizatu.
Lan handia egin du urte hauetan: korua zuzentzeaz gain, grabazioak eta emanaldiak, bai parrokian, bai herrian eta bai herritik kanpo. Bere hainbat pieza abesten dira Euskal Herriko kristau elizkizunetan.
Baina iritsi da erretiroa hartzeko ordua 90 urte betetzeko atarian; eta gaur, apirilak 24, urte hauetan egindako lana eskertuaz, agurra eskainiko dio parrokiko abesbatzak.
Beraz, mila esker hainbeste urtetan (1955-2022) zuzendutako parrokiko koruaren izenean.