Egunak aguantatu dituzu, Azpiazu jauna, zure betiko diskurtsoa bota gabe, baina hemen zaude berriz. Noski iskanbilak mantentzen direla, baina kontuan hartuta milaka pertsona mugitzen direla Hernanitik astebururo, lasaitasuna gorabeherak baino nagusiagoa da.
Noski ez dugula erlaxatu behar, batez ere Udalak. Jakina bizikidetza hobetu daitekeela eta horretan eragin behar dela. Baina, benetako giroak ez du antzik zuk marrazten duzun dramarekin.
Portzierto, noiz hautsi zuten azken telefono-kabina? Ez ote da izango, diskurtsoa errepikatzen duzun bezala, testuak ere errepikatzen dituzula?
“Gutxi batzuen” etekin ekonomikoez hitz egiten duzunean tabernariez eta sagardo-ekoizleez ari zara eta ez zara zuzena honekin ere ez, zeren, nahiz eta kasu batzuetan zuzenagoak izan, jakina, onura ekonomikoak Hernaniko gizarte osoan zabaltzen dira (lanpostu berriak, dendak, baserritarrak...).
Eta ordenantzak ez betetzeari buruz hitz egiten badugu, Goiz-Eguzkin zaborra botatzen dutenei buruz edo txakurren kaka jasotzen ez dutenei buruz hitz egin beharko genuke, adibidez.
Besteak beste, alkateari leporatzen diozu herritar asko abandonatuta izatea. Beste gezur bat. Herritar egoistenek beti uste dute eurak direla kaltetuenak. Beraz, animo alkate jauna eta jarraitu gauzak hobetzen, asteburuko giroa ere, noski.