Urteak daramatzagu eskatzen, konpondu dezatela asteburuetan kaleko iskanbilarekin daukagun arazoa, Hernaniko Kaxkoan; bereziki Andrekaleko goiko aldean. 2006an, orduko alkateak eskatu zuen «Txotx bai, baina bajuago», eta ordutik gaur arte, arazoa ez da konpondu. Ongi pasatzearen eta atsedenaren arteko orekarik ez da lortu. Bizilagunok (haurrak, maskotak, gaixoak, adinekoak), gure atsedenarekin ez diogu inori enbarazu egiten. Hori bai, behin eta berriz egiten dugu protesta. Ongi pasatzen ari diren batzuek bai, enbarazu egiten dute, eta beste batzuek ez dituzte ordenantzak betetzen, bere etekin ekonomikoa jartzen dutelako bizilagunen osasunaren eta ongizatearen aurretik.
Koma etiliko gehiago edo gutxiago artatzea, kartera edo telefonoen jabea aldatzea, mozkorrak mutur joka aritzea, kotxe artean eta etxeetako atarietan pixa egitea, eskaparateak, telefono-kabinak eta kotxeen ispiluak haustea, tinbreak nahieran jotzea, edota kaleko altzariak erasotzea oso oso gaizki dago, baina bizilagunok lehentasunez eskatzen duguna, eta arretarik jartzen ez diotena, atsedenerako eskubidea da.
Hernanin ordenaren eta kontrolaren ardura dutenek, badakite oso ondo zer egin behar duten, baina ez dute egin nahi. Ez dute Hernani maite, ezin delako justifikatu gertatzen dena. Sistematikoki, gutxi batzuen etekin ekonomikoa jartzen dute, bizilagunen osasunaren eta ongizatearen aurretik, eta Kaxkoko mila etxebizitza baino gehiagoren balio galeraren aurretik.
Alkate jauna, bizilagun asko dauzkazu abandonatuta. Bada garaia mozkorkeriaren kulturaren azterketa sozioekonomiko bat egiteko, sagardotegietako txotxaren kulturatik bereizita, horrekin ez daukalako zerikusirik. Azterketa horretan, eskatzen dizugu kontutan hartu dadila Kaxkoko etxebizitza eta lokalen balio galera. Eta ondoren, horren arabera jokatu.