Biltzeagatik biltzea

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Amonarraiz Gómez 2022ko ots. 28a, 00:00

Andoni Amonarraiz Gómez
Hernaniko EAJ-PNVren bozeramailea

Ulertzen dut zergak, tasak eta prezio publikoak ordaindu behar izatea kalitatezko zerbitzuak mantentzeko, pertsona behartsuei laguntzeko, zenbait jarduera diruz laguntzeko, herritarren bizitza hobetzeko beharrezkoak diren inbertsioak egiteko, eta abar. Baina ez dut ulertzen zergatik igo diren, zenbait egoeratan, 'udal-zergak' (kasu honetan, tasak eta prezio publikoak).

EH Bilduren gobernu taldeak urte asko daramatza Aldunditik jasotako diruaren zati handi bat gastatu gabe, eta, hala ere, urtez urte zergak igotzen jarraitzen du, guztiak ez badira ere, gehienak bai. Aurten ere hala egin dute. EAJ-PNVn behin eta berriz galdetzen diogu geure buruari: Zertarako? Are gehiago, bildutako dirua gastatzen ez bada. Gastatu gabeko milioika euro ditugu, urtez urte aurrekontu berria gizentzen dutenak.

Aurten, gainera, Foru Aldundiak 2.300.000 € gehiago emango dizkio Hernaniko Udalari. Benetan beharrezkoa al zen tasak eta prezio publikoak igotzea? EAJ-PNVk ezetz uste du.

Bilketa-politika honek ez du inolako zentzurik. Uste dugu dirua oso ondo dagoela hernaniarren poltsikoan. EH Bilduko gobernu taldeari eskatzen diogu, 'udal zergak' handitu ditzala urtez urte bueltaka dabilen dirua gastatzen duenean, edota Aldundiaren ekarpena aurreikusitakoa baino txikiagoa denean.

Ziur nago zilegi dela egiten ari direna, baina ez dakit oso etikoa den.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!