Pagoak itzala ematen jarrai dezan

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz-Azkue 2022ko ots. 27a, 00:00

Ikusten ditut, Antonio. Ikusten ditut bi ume iñostor artean ezkutatuta, gerra garaiko bonbak nola erortzen diren begira. Ikusten ditut, jauntxoak Igorin-sasiko magalean, pago mugarratu baten itzalean bazkaltzen «herriaren kontura» eta baserritarrak izerdi batean, garoa ahalik eta azkarren mozten. Atzo gertatu izan balira bezala ikusten ditut. Nik bizi izan banitu bezala irudikatzen ditut bi ume Akola baserrian Sanson izeneko meta handia egiten, eta andre bat putzuxar-en, gobara-harria dagoen tokian, maindireak eskuz garbitzen. Baina batez ere ikusten dut, ikusten zaitut, Antonio, etxeko egongelan eserita, puzzlez inguratuta, nire grabagailua aurrean duzula, lasai, galderak erantzuteko ehun urte atzera eginez, eta orduko Urumeari buruzko gertaerak eta kontakizunak argitasun ikaragarriz azalduz.

Hamabi urte izango dira jada lehen elkarrizketa egin nizunetik. Ordutik kontaezinak dira elkarrekin pasatako orduak, hitz egindako gaiak eta izandako be­rri­ketaldi ederrak. Duela hiru aste, ordea, joateko prest zinela esan zenidan telefonoz. Aurretik ere aipatua zenigun, hiltzea ez zela beste munduko gauza, mundu honetakoa zela, baina guk ez genuen sinetsi nahi. Eta hala, iritsi da momentua. Goxo joan zara, Antonio. Nahi zenuen moduan, etxekoen babesean eta konpainian. 

Nik, ordea, galdera asko ditut oraindik zuri egiteko. Zure baimenarekin, beraz, Bixtarrin ikusiko dugu elkar, zeruak eta lurrak bat egiten duten leku eder horretan, eta kontatuko dizut, Antonio, Igorin-sasiko pagoak nola ematen duen itzala.        


 Iñaki Sanz-Azkue

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!